Arrolako Opiduma bisitatu du Gonzalo Olabarria Aldundiko kultura zuzendariak
Bizkaiko Foru Aldundiak bisita gidatuak antolatu ditu Busturialdeko kultura ondarea ezagutarazte aldera. Hain zuzen, gaur aurkeztu du ekimena Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendariak. Olabarriagaz batera, eskualdeko indusketa guneetan lanean dabiltzan arkeologoek be parte hartu dute. Ereñozarreko indusketak (Ereño), Foruko multzo historikoa, Arrolako Opiduma (Arratzu), eta Omako (Kortezubi) baso margotua bisitatzeko aukera eskainiko du Aldundiak, uztailean zehar.
Ereñozarren, esaterako, erdi aroko aztarnak batzen dituen indusketa gunea bisitatzeko aukera izango dute interesatuek. Hala, Ereñozar bisitatzen dutenek erdi aroko historia ezezagunaren barri izango dute.
Mendi tontorrean gaztelu bat be bazegoen antzina. Adituek ez dute zehaztu gaztelua noiz eraiki zuten, baina 1.334 kronika baten haren barri emoten du Alfonso XI Espainiako erregeak. Kronika horretan kontatzen denez, Bizkaiko zenbait jauntxo Sant Miguel D’Erencho-ko gazteluan gotortu ziren.
Foruan, bestalde, San Martin de Tours eliza eta erromatar aztarnak bisitatzeko aukera emongo du Aldundiak. Hala, 2.000 urte inguruko ibilbidea ezagutaraziko dute. Foruko erromatar herrixka Bizkaian ezagutzen den bakarra da, eta kantauri isurialdeko aztarnategi zainduenetako bat da.
Foruko erromatar aztarnak
Arrolako Opidumera be bisita gidatuak egingo ditu Aldundiak. Arrola burdin aroko gotorleku garrantzitsuenetako bat da, eta Bizkaiko historia ezagutzeko aztarnategi oso garrantzitsua da. Burdin aroan oso ohikoak ziren Arrola bezalako gotorlekuak, baina Arratzukoa ikusgarrienetako bat da. Tamaina eta hedadura aldetik bakarra da, eta oso ondo mantentzen dira aztarnak.
Bisita gidatuekin amaitzeko, Omako baso margotua ezagutzeko aukera be emongo du Foru Aldundiak. Baso margotua Agustin Ibarrolaren lanik ezagunenetako bat da.
Bisita gidatuak (datak eta ordutegia)
Ereñozarreko indusketa gunea: uztailaren 7an, 8an, 12an, 17an, 20an, 25ean, 28an eta 31 egingo dituzte bisita gidatuak, 11:00etan eta 17:00etan. Gehienez hamabost lagunek egin dezakete bisita gidatua aldi berean. Ereñon hasiko dira bisita gidatuak, eta bi ordu terdiko iraupena izango dute. Tren Turistikoan egingo dituzte bisita gidatu guztiak.
Foruko multzo historikoa: uztailaren 3an, 6an, 11n, 14an, 15ean, 19an, 24an eta 27an egingo dituzte bisita gidatuak, 11:00etan eta 17:00etan. Gehienez hamabost lagunek egin dezakete bisita gidatua aldi berean. Euskal Herria museoan hasiko dira bisita gidatuak, eta bi ordu eta laurdeneko iraupena izango dute. Tren Turistikoan egingo dituzte bisita gidatu guztiak.
Omako baso margotua
Arrolako Opidumma: uztailaren 10ean, 13an, 18an, 21ean, 22an, 26an eta 29an egingo dituzte bisita gidatuak, 11:00etan eta 17:00etan. Gehienez hamabost lagunek parte hartu dezakete bisita gidatuan, aldi berean. Nabarnizen hasiko dira bisita gidatuak eta bi ordu inguruko iraupena izango dute tren turistikoaren bisitek.
Bestalde, bisita gidatua oinez egiteko aukera be emongo dute. Kasu horretan, Arratzutik irtengo dira bisitariak, 10:00etan. Lau orduko iraupena dauka bisitak.
Omako baso margotua: barikuetan, zapatuetan eta domeketan egingo dituzte bisita gidatuak, uztailaren 12tik irailaaren 1era, 12:00etan eta 17:00etan. Gehienez hogei lagunek parte hartu dezakete bisita gidatuetan, aldi berean.
Bisita gidatuen prezioak
Helduak: 3 euro.
Langabetuak, erretiratuak eta ezintasunen bat dutenak: 2 euro.
Bi gune bisitatzeko bonoa: 4 euro.
Hiru gune bisitatzeko bonoa: 6 euro.
Taldeentzako bonoa bi gune bisitatzeko: 3 euro.
Taldeentzako bonoa hiru gune bisitatzeko: 5 euro.