Bermeoko Udaletik, jakinarazi duten moduan, behin-behinean hartu dute erabakia, atzo Bermeoko alkate Idurre Bideguren Eusko Jaurlaritzako azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulorekin batzartu ostean. Alkateak adierazi duenez, “kirol portuko erabiltzaileak, herritarrak, portuko bizilagunak eta arrantza sektorearentzat egokiak izango diren irtenbideak bilatu arte, asteon hartutako erabakia bertan behera uztea erabaki dute”.
Portuzarrean aparkatzeagatik ordaintzeko erabakia, “presarekin” hartutako neurri bat izan dela aitortu zion atzoko batzarrean alkateari Ruiz de Angulok, eta egoera bideratzeko borondatea aurkeztu zuela diote udaletik. Izan be, Bermeoko alkateak Jaurlaritzak neurri hori pentsatu gabe hartu zituela jakinarazi zion azpiegituren zuzendariari, “herriaren beharrak kontuan hartu gabe eta komunikatu gabe”.
Bermeoko alkateak azaldu legez, “Bermeoko portua bizitzeko, aisialdirako eta jarduera ekonomikorako gunea da, eta oinezkoek zein ibilgailuek erabiltzen dute”. Horregatik, haren ustetan, erabilera guzti horien arteko “oreka” bilatu beharko litzateke, eta hori “ondo aztertu beharrekoa” dela uste du.
Eskaerak eta proposamenak
Atzo arratsaldeko batzarra aprobetxatu zuen Bermeoko alkateak, Ruiz de Angulori zenbait eskaera egiteko. Hala, Frantxuen haitzetako aparkalekuen erabilera egokitzeko eta izotz frabrikako atzealdeko aparkalekuak egokitzea eskatu zion. Bestalde, herrian dauden aparkaleku faltari irtenbidea emon asmoz, portu komertzialeko, hau da, Kofradia barriko inguruko aparkalekuak doitzeko eskaera be egin ziola azaldu dute. “Modu horretan, Bermeoko aparkaleku asko irabaziko lituzke, eta herriak duen aparkaleku arazoak kontuan izanik, ondo legoke Jaurlaritzak horiek egokitzea”, dio alkateak.
Era berean, oinezkoentzako guneen beharra be aipatu du Bidegurenek, “ezinbestekoa da oreka bilatzea”, dio.
Gainera, portuan, autoen joan-etorria erregulatu asmoz, portuko sarreran, libre dauden aparkalekuei buruzko informazioa emon beharko litzatekeela uste du Bidegurenek. Alkatearen esanetan, “herriaren eta herritarren interesak defendatu ditut, horiei lehentasuna emonaz”. Ruiz de Angulori eskatu dio etorkizunean Eusko Jaurlaritzaren helburua ordainketa sistemarekin jarraitzea bada, “herritarri lehentasuna emotea, txartel batekin, esaterako. Horiek be prezio egoki batean aparkalekua bermatua izan dezaten”.
EAJ “pozik” Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin
Bermeoko EAJ be, irtenbideak bilatu asmoz, Eusko Jaurlaritzako Portuetako zuzendaritzarekin batzartu zen atzo arratsaldean. “Azken egunotan sortu den arazoaren aurrean eta Jaurlaritzak hartu dituen neurriak zer hobetu asko duela ikusita”, Bermeoko EAJko ordezkariek, batetik, ordaindutako aparkalekuen sistema hori bertan behera uzteko eskaera egin diote, eta bestetik, udalarekin eta inplikatuta dauden agente guztiekin, negoziaketa hasteko eskaera formala egin diotela jakinarazi dute.
Xabier Legarreta “pozik” agertu da Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin; izan be, bere alderdiak atzoko batzarrean eskatutako bi gauzak bete ditu. Ordaindutako aparkalekuen sistema bertan behera uzteko eskaera, gainera, EAJk bakarrik egin diola nabarmendu du Legarretak, eta “eskatutakoa bete dute”.