Zapatu goizaldean, 04:00ak aldera, 27 urteko gazte bat hil zuten Juan Calzada kalean, labanaz. Bi ordu beranduago 28 eta 34 urteko lagun bi atxilotu zituen Ertzaintzak, erasoaren egileak direlakoan. Atzo eroan zituzten epailearen aurrera, eta deklaratu ostean, kartzelatu egin dituzte. Basauriko espetxean sartu dituzte.
Zauritu bat zegoela esanez ohartazi zuten Segurtasun Saila, zapatu goizaldean. Anbulantzia eta poliziak bertaratu ziren, baina, biziberritzen ahalegindu arren, ordu erdira gaztearen heriotza baieztatu zuten.
Udalaren eskaera
Gernika-Lumoko Udalak, atsekabea agerteaz gain. hilketa gaitzetsi du. Halaber, doluminak helarazi dizkie senideei. Baieztatu duenez, bestalde, gizarte laguntzen legedia aldatzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari. Tokiko erakundearen arabera, “delitua egiten duenak, gizartean lekurik ez edukitzeaz gain, ezin dezake laguntzarik jaso”. Horrez gain, “udalerriaren elkarbizitza baketsua aztoratzen duten gisa horretako indarkeriazko ekintzak gogor arbuiatu” ditu udalak.