Europako Aliantza Libreen eurodiputatuek Gernika-Lumo bisitatu dute gaur. Hain zuzen, Francois Alfonsi Flandriarra, Jill Evans galestarra eta Tatiana Zdanoka letoniarra hartu ditu udaletxean Jesus Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Eurodiputatuak eta horien laguntzaileak egiten dabiltzan bisitaren helburua, Euskal Herriko errealitatea lehen eskutik ezagutzea da. Hala, ez dute galdu gura izan Gernika-Lumo bezalako herri garrantzitsu bat bisitatzeko aukera. Izan be, “bakearen aldeko eta biolentziaren kontrako ikurra” bihurtu da bertoko herria, eurodiputatuen berbetan.
Evansek jakinarazi duenez, “ohore bat da Gernika-Lumo bisitatzeko aukera izatea, Euskal Herriaren historiaren herri garrantzitsuenetako bat baita”. Dioenez, Euskal Herria sakon ezagutzeko aukera izan dute egunotan, eragile desbardinekin batuz. Hala, bertoko kulturaren, hizkuntzaren, eta naziotasun nortasunaren barri izan dute. Galestarrak nabarmendu duenez, “Euskal Herria nazio oso aberatsa da arlo askotan, eta bidaia oso aberasgarria izan da guretzat”.
Europako nazio txikiak elkarlanean hasteko garaia dela deritzo Evansek. Horregatik eskubide berdintasunaren alde batera borrokatzeko deia egin die gainontzeko nazio txiki guztiei. Dagoeneko zenbait pauso emon dituzte arren, eztabaida zabaltzeko garaia dela deritzote, Europa krisian baitago. “Krisi ekonomikoari krisi politikoa be batu zaio, herrien Europa sortzeko garaia zabalduz”, nabarmendu du.
Alfonsi flandriarrak, bestalde, bake prozesua eta erabakitze eskubidea izan ditu berbagai. Haren hitzetan, “Euskal Herriko bake prozesua etenda dago, aldeetako batek bere eginkizunak betetzen ez dituelako”. Hala, ardura gehiago hartzeko eskatu dio Espainiari, bake prozesua desblokeatzeko. Haren ustez, Europa, Espainia, Frantzia eta Euskal Herria inplikatu behar dira bake prozesua arrakastatsua izan dadin.
Momentu honetan, bake prosezua sendotzeko baldintzarik ez dagoela gogoratu du flandriarrak. Dioenez, Arnaldo Otegigaz gertatzen dabilena ulergaitza da. Europarlamentarien ustez, “iritzi bat plazaratzeagatik” dago kartzelan Otegi. Hala, elgoibartarra (Gipuzkoa) aske uzteko exigitu dute.
Atzo, Otegi bisitatzeko asmoa zeukaten europarlamentariek, baina bisita bertan behera geratu zen. Eskaera duela asko egin arren, ez zieten utzi sartzen Logroñoko kartzelara. Alfonsirentzat, “Espainiak ez du lagundu nahi berradiskidetze prozesuan”. Flandiarrak esan duenez, nazio txikien eskubideak onartzen ez diren bitartean, “salaketa da bide bakarra”.
Zdanokaren ustez be, atzo gertatutakoa “eskandalu” bat da. Nabarmendu duenez, Espainiak ez die uzten euskal presoekin batzea. Euskal presoekin batzeko ahalegina egin duten bakoitzean kartzela atarian amaitu da bisita.