Sebero Altube
Gernika-Lumon egon badaude haren lekukotzaren arrastoak, baina gutxi batzuek ezagutzen dute bere historia gaur egun. Seber Altube ikastolak eta Sebero Altube auditorioak, esaterako, haren izena hartu zuten, baina nor da Arrasatetik (Gipuzkoa) etorritako pertsonaia hori?
Sebero Altube Lertxundi (1879-1963) musikaria, alkatea, enpresa-gizona, hizkuntzalaria, filosofoa eta idazlea izan zen, besteak beste. Jaioterria atzean utzita, XX. mende hasieran heldu zen Gernika-Lumora, eta hil arte harreman estua izan zuen bertoko herriagaz. Aurten, haren heriotzaren 50. urteurrena beteko da, abuztuan.
Arrasatearra pertsonaia garrantzitsua eta famatua izan zen, Gernika-Lumon zein Euskal Herrian. Goi mailako ikasketak egin barik be, bizitza oparoa izan zuen, hainbat arlo landuz. Hala, herritarren artean gizon maitatua izan zen.
Josemari Velez de Mendizabal biografoak Altuberi buruz egindako lanean azaltzen duenez, Gernika-Lumoko bizilagunak bizitza osoa egin zuen ikasten. 1979an kaleratutako Sebero Altube biografian kontatzen duenez, pentsamendu askatasuna ikasketen bidez lortzen dela uste zuen, eta zeregin horretan emon zuen bizitza osoa: bere kabuz ikasten. «Ezagutzen zutenek gizon jakintsua zela zioten, baina harrokeriarik gabekoa», dio Mendizabalek.
1901ean heldu zen Gernika-Lumora Altube. Musika ogibide bihurtu gura zuela eta, Gernikako Musika Bandaren zuzendari posturako lehiaketa irabazi zuen, Cor Jesu zeritzan bandarako martxa batekin.
Ordutik aurrera, Gernika-Lumon bizi izan zen arrasatearra. Gernikako Abesbatza eta musika akademia sortu zituen, eta 1918an Gregoria Gangoiti gernikarragaz ezkondu zen. Urte horretan be, Alkartasuna arma lantegiaren zuzendaritza hartu zuen.
Altube, ezkerrean
1931an, bestalde, Gernika-Lumoko alkate izendatu zuten Altube. Mendizabalek dioenez, «ez zen politika gizona, baina oroitzapen onak utzi zituen gernikarren artean». Altuberen biografiak kontatzen duenez, Gernika-Lumoren eta Euskal Herriaren mesedetan egindako lan guztiagatik aukeratu zuten alkate izateko.
Bost urte egin zituen alkate lanetan, harik eta 1936an erbestera joan behar izan zuen arte. Lehenengo Argentinara egin zuen ihes, eta Pauera (Frantzia) joan zen ondoren.
Altubek eta haren emazteak 22 urte inguru egin behar izan zituzten erbestean, Gernika-Lumora bueltatu aurretik. Hain zuzen, 1958an zapaldu zuten barriro be Euskal Herria. 1961ean, baina, emaztea hil zitzaion, Gernika-Lumoko bizilagunaren gainbehera hasiz. Diotenez, Altubek bizipoza galdu zuen, eta handik bi urtera hil zen. Hileta elizkizunean, Gernikako Arbola inguruan hartutako lurraz eta ikurriña batez estali zuten Altuberen hilkutxa.
Hizkuntzalaria, filosofoa, idazlea…
Idazteko zaletasunak bultzatuta, laster hasi zen artikuluak kaleratzen. Revista Musical-en eta Euskalerriaren alde aldizkarietan hasi zen idazten, baina hainbat lan gehiago be kaleratu zituen gerora.
Batez be, hizkuntzalaritzak bereganatu zuen arrasatearraren arreta. Hala, euskara ikertzen hasi zen, hizkuntzalaritza ikasketak egin ez arren. Garaiko joerei aurre eginez, hizkuntza bat morfologia, sintaxi eta tono aldetik ikertu beharko litzatekeela defendatu zuen Altubek. Hala, ate barriak zabaldu zizkion hizkuntzalaritzari.
1909an Resurreccion Maria Azkuegaz batu zen lehenengoz Altube, eta harreman tirabiratsu bat izan zuten hurrengo urteetan. Kritika gogorrenak 1929an jaso zituen arrasatearrak. Urte horretan Erderismos izeneko liburu bat kaleratu zuen, hizkuntzalarien artean eztabaida bizia sortuz. Azkuek ez zuen onartu Altubek esandakoa, eta Koldo Mitxelenak gogor kritikatu zuen bertoko bizilaguna. Orduko hizkuntzalari askok garbizalekeriaz jokatzea egotzi zioten Altuberi, sintaxi irreal bat sortu gura zuela iritzita.
Eusko Ikaskuntzaren 1918ko lehen kongresuan be izan zen Altube. Euskaltzaindia sortzeko lehen pausoa emon zuten bertan, eta urtebete beranduago sortu zuten euskararen akademia. Lehen Euskaltzaindia horretan Altubek ez zuen lekurik izan, baina 1920an Euskararen Akademiaren deia jaso zuen. Txomin Agirreren heriotzaren ostean Sebero Altube izendatu zuten Euskaltzaindiako kide.
Eztabaidak eztabaida, Altuberen teorien aldeko hizkuntzalariak be izan ziren garai hartan. Besteak beste, Aita Villasantek, Aita Onaindiak eta Iokin Zaitegik behin baino gehiagotan defendatu zuten arrasatearraren lana. Izan be, orduko kontalariek diotenez, «Altubek euskara maite eta bizi zuen». 1911tik 1960ra euskarari buruzko hamasei ikerketa lan kaleratu zituen Altubek.
Eserita, ezkerretik bigarrena
Hizkuntzalaria izateaz gain, idazlea eta filosofoa be bazen bertoko bizilaguna. Filosofiaren arloan, esaterako, La fonction de la douleur lana kaleratu zuen erbestean zegoela. Europako filosofo garrantzitsuenen obrak irakurri ostean, gizartearen arazoak izan zituen aztergai aipatu lanean. Hain zuzen, 36ko gerragaz sortu zen berarengan giza oinazearen zergatia ezagutzeko grina. Altubek idatzi zuenez, «Francoren soldaduek 43 pertsona fusilatu dituzte Arrasaten, nire jaioterria. Erritar baketsuen sarraski orrek bultzatu nau arazoaren muina ikertzera, hau da, zein ote den muduko bizitzaren gaizkiaren eta giza oinazearen arrazoia».
Sormen lanei dagokienez, bestalde, Lantantxu eta Betargi da Altuberen lanik ezagunena. Istorio horrek Gernika-Lumoko bonbardaketa hartzen du oinarri bezala. Euskara zaindua erabilita, bonbardaketaren deskribapen literarioa egin zuen.
Gaztaroa Arrasaten
Altubek eta haren hiru anaiek haurtzaro nahiko gogorra izan zuten. Aita zakarra zeukaten, eta sarritan giro zitalari egin behar zioten aurre etxean. Halanda be, arrasatearrak ez zuen ikasteko grina inoiz galdu.
Lehen ikasketak Arrasaten bertan egin zituen Altubek, Juan Jose Rodriguez irakaslearekin. Harengatik piztu zitazion ikasteko zaletasuna. Lehen ikasketak amaituta, bestalde, solfeoa ikasi zuen Victoriano Balerdi organo-joleagaz.
Musika barru-barruan zeraman Gernika-Lumoko bizilagunak. Anaia bigaz batera, esaterako, Euskal Herriko dultzaina talde famatuenetako bat sortu zuen gaztaroan, hainbat plaza bisitatuz. Musika ogibide izan gura zuela ohartu zen garai horretan, eta burubelarri saiatu zen ametsa betetzen.