LABen gaurko prentsa agerraldia, Gernika-Lumon
Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan gaurko deitutako metalgintza sektoreko greba eguna “arrakastatsua” ari da izaten, Jon Iñaki Alkorta Busturialdeko eta Lea Artibaiko metalgintza sektoreko LABeko arduradunak jakinarazi duenez. Sindikatuak jasotako lehen datuen arabera, Bizkaiko metalgintza sektorearen motorea diren enpresetan, tartean Lea Artibaiko Nemac Ansola, %90ekoa da lanuztea. Enpresa ertainetan eta txikietan, baina, grebagaz bat egin dutenen kopurua txikiagoa da. Enpresa ertainetan, esaterako, %70 inguruko jarraipena izan du grebak, eta enpresa txikietan, bestalde, %50 ingurukoa. LABek, CCOOk eta UGTk deitu dute gaurko greba eguna, herrialde mailako lan hitzarmenaren defentsan.
Alkortak azaldu duenez, datu “oso-oso positiboak” dira. Izan be, ELAk %38ko ordezkaritza dauka Bizkaiko mealgintzaren langileen artean, eta ez du greba deialdiagaz bat egin. Are okerrago, “grebari boikota” egiten saiatu dela salatu du, LABeko arduradunak, jarrera ulergaitza dela esanez. Izan be, herrialdeko hitzarmena lotzeko, ezinbestekoa da ELAren babesa.
Busturialdean eta Lea Artibain 2.500 langile ingururi eragiten dio metalgintzako lan hitzarmenak, kooperatibak kontuan hartu barik. Beraz, herrialdeko hitzarmena blindatu ezean, enpresako hitzarmenik ez duten langileak Espainiako Langileen Estatutuaren menpe gera daitezke, uztailaren 7an. Hala, herrialde mailako lan hitzarmenaren alde borrokatzera deitu ditu langileak. Espainiako estatutua onartuz gero, orain arte lortutako eskubideak galduko lituzkete beharginek, Alkortaren berbetan.
LAB, CCOO eta UGT batera lan hitzarmenen defentsan
Aitziber Barandika Busturialdeko eta Lea Artibaiko LABeko arduradunak negoziaketa kolektiboa hilzorian dagoela jakinarazi du. Hala, sektore guztietako lan hitzarmenen defentsan kalera ateratzeko deia egin du, barriro be. Barandikak dioenez, sindikatuen arteko akordioak ezinbestekoak dira, Patronalari boterea kentzeko. Izan be, gaur egun langileen eskubideak patronalaren esku daudela deritzo.
Beharginek boterea berreskuratu dezaten, baina, akordio minimo batera heldu behar dira Hego Euskal Herriko lau sindikatu nagusiak, Barandikaren ustez.
Zentzu horretan, negoziaketa esparru guztiak defendatzeko deia egin du LABek; herrialdeko negoziaketengatik hasita, enpresetako negoziaketetara. Barandikaren berbetan, “herrialde mailako lan hitzarmenak izan behar dira lan eskubideen oinarria, baina enpresetako hitzarmenak alde batera utzi barik”. Izan be, enpresetako negoziaketak lekuan-lekuko lan baldintzak hobetzeko erabili behar direla deritzo. “Hori bai, herrialde mailako hitzarmenen oinarrietatik abiatuta” nabarmendu du.
Bestalde, soldata KPIaren arabera igotzea, eta lan baldintzetan atzerapausorik ez emotea be, akordio minimo horren barruan kokatzen ditu sindikatu abertzaleak.
LABek proposamen integral hori egin zien gainontzeko sindikatuei, hilaren 21eko eta 28ko lanuzteak deitu aurretik. Orduan, ez zuen erantzunik jaso, baina duela gutxi akordio batera heldu dira zenbait sindikatu. Barandikak, azaldu duenez, CCOOk eta UGTk proposamen integralagaz bat egin dute. Hala, planteamendu amankomun bat zehaztu dute alkarregaz protesta egiteko.
Uztailaren 4rako deitu dituzte lanuzteak eta mobilizazioak aipatu hiru sindikatuak. Hain zuzen, borroka egunean parte hartzeko deia egin diete hitzarmenak galtzear dauden sektore guztietako langileei. Behargin horiek uztailaren 7an lan hitzarmen barik geratuko direla eta, kalean borrokatzeko deia egin dute hiru sindikatuek. Herrialdeko hitzarmenak blindatu ezean, beharginei hitzarmen estatala aplikatuko zaie, lan baldintzak kaxkartuz.
LAB, CCOO eta UGT akordio minimo batera heldu direla eta, sindikatu abertzaleak hilaren 28ko lanuzteak bertan behera utzi ditu. Horren ordez, manifestazioa egingo du LABek, Bilboko kaleetan.