Errenteriako Ajangizerako bidegurutzean lanak hasi ditu dagoeneko Gernika-Lumoko Udalak, eta hilabeteren buruan, bertako beharrak amaituta egotea espero du.
2011ko azaroan kamioi bat Telefonicaren kable batekin trabatu eta aurretik eroan zuen Errenteriako gurutzea. Ustez, kableak ez zuen gutxieneko altuera errespetatzen; hori dela eta, Telefonicak berak hartu beharko ditu beregain gurutzea konpontzearen gastuak; alegia, 36.024 euro inguru.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak azaldu duenez, gurutzea bera Gernika-Lumon konpondute dute, eta “Errenteriako jaietan edo lehenago” kokatuko dute bidegurutzearen parean egingo duten plazatxoan.
Errepide erdian zegoen lehen guutzea; orain, baina, lekualdatu egingo dute, eta Argatxa taberna egon zen inguruan jarriko dute. Hartara, bidegurutzean “segurtasun handiagoa” izango da, eta ondasun hori be “babestuago” egongo da.
Inguru hori egokituko du udalak: batetik, Farmazia aurreko zebrabidea altuago jarriko dute, eta horren pareko espaloi zatia apur bat zabalduko dute; bestetik, errepideari zati bat kenduta, Argatxaren aurreko espaloia zabalduko dute, eta bertan jarriko dute gurutzea. Hala, bertako eraikinetik, egingo duten plazatxoaren leku urrunenera, 9,13 metro izango dira.
Aipatu plazatxo hori hormigoizkoa izango da, eta gurutzearen inguruan lorategi bat ipiniko dute. Ibilgailuentzako errepideak, bestalde, bi noranzko izango ditu; errei bat igotzeko eta bestea jaisteko. Bi errei horien artean, oinezkoen babesgunea jarriko dute.
Errenteriako bidegurutzea egokitzeko proiektuak, orotara, 61.000 euro inguruko kostua izango du –laneskua, aparte–: 36.000 euro gurutzea bera konpontzeko eta 25.000 bat euro, ingurua egokitzeko materiala erosteko.
Ubitarteko kaleko lanak
Errenteriako bidegurutzekoak ez dira, ordea, Gernika-Lumoko Udalak aurtengorako aurreikusten dituen obra bakarrak; izan be, Ubitarte kalea egokitzeko asmoa be badu aurten. Luzeraz 70 metro eta zabaleraz 10 metro dituen kaleak “argitasun gehiago izatea” gura du udalak. Asmo horregaz, hilabete eta erdian, zenbait lan egingo ditu bertan. Horien aurrekontua, 68.000 eurokoa izango da, laneskua aparte.
Lan horiek bukatutakoan, Ubitarte kaloko espaloiek 2,50 metroko zabalera izango dute, eta errepideak 3 metrokoa. Horrez gain, kale horretan dagoen lorategia kenduta, ibilgailuentzako zazpi aparkaleku gehiago izango dira; beraz, egungoekin batera, guztira, 11 autok aparkatu ahal izango dute Ubitarten.
Gorroñok azaldutakoaren arabera, asfaltoa eta espaloiak maila berean egongo dira, Alondegi kalean bezala.
Miguel Unamuno kaleko espaloietako material bera erabilita , beraz, Gabonetarako prest euki gura du udalak Ubitarte kalea.