http://www.youtube.com/watch?v=270hGZAiTFU
Mikel Onko (markina-Xemein), Isaac Kortabitarte (lekeitio) eta Loren Aldarondo (Ondarroa) iheslariak, Hendaian
Mikel Onko (markina-Xemein), Isaac Kortabitarte (lekeitio) eta Loren Aldarondo (Ondarroa) iheslariak, Hendaian
Asko eta asko dira. Eta are gehiago dira euren sorterrien eta oraingo bizilekuen artean dituzten kilometroak. Urteetan, isilpean gehienetan, nork bere herriko gertaerak jarraitu, bizi eta sufritu izan ditu. Baina kalera ateratzeko ordua heldu dela adierazi dute, batera oihu egiteko garaia dela. Iheslariak dira, eta beste euskal herritarrekin batera, gatazkaren konponbidean parte hartu behar dutela aldarrikatu dute. «Batera indarra egiteko ordua da; herriarekin eta herritarrekin bat egiten dugu», diote.
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Asko eta asko dira. Eta are gehiago dira euren sorterrien eta oraingo bizilekuen artean dituzten kilometroak. Urteetan, isilpean gehienetan, nork bere herriko gertaerak jarraitu, bizi eta sufritu izan ditu. Baina kalera ateratzeko ordua heldu dela adierazi dute, batera oihu egiteko garaia dela. Iheslariak dira, eta beste euskal herritarrekin batera, gatazkaren konponbidean parte hartu behar dutela aldarrikatu dute. «Batera indarra egiteko ordua da; herriarekin eta herritarrekin bat egiten dugu», diote.
Mikel Onko (markina-Xemein), Isaac Kortabitarte (lekeitio) eta Loren Aldarondo (Ondarroa) errefuxatuak, Hendaian
Ondarroa, Markina-Xemein, Lekeitio, Gernika-Lumo, Busturia… Herri batekoak edo bestekoak izan, denaren gainetik euskal herritarrak direla diote, eta Euskal Herrikoa gatazka politikoa izanik, berorren konponbidean be parte hartu behar dutela.
Aldarrikapenak egin eta nork bere bizipena kontatzeko, aurrez aurre izan du Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAk iheslarien ordezkaritza bat. Itsas bazterrean egindako hitzordu arraro, berezi eta sentipenez betetakora agertu ziren Mikel Onko (Markina-Xemein), Isaac Kortabitarte (Lekeitio) eta Loren Aldarondo (Ondarroa).
Hotz egiten zuen, baina minutu batean, berbetan hasi orduko, herrikideen gertutasunak epeltasuna eroan zuen kostaldeko puntu isolatura. Hiru iheslarien begiek dizdira berezia erakutsi zuten elkarrizketak iraun zituen minutu guztietan. Irribarra ahotik kendu barik, bizitakoari, egungo egoerari eta etorkizunari begira jarri ziren.
Bideorriaren aurkezpena
Lehenengo hitzak zapatuko agerraldia azaltzeko izan ziren. «Iheslarien kolektiboak erabaki du konponbide prozesuari guk be ekarpena egin behar diogula». Zergatik orain? galdera egin orduko etorri zen erantzuna: «Momentua delako. Iheslariek bizi izan dutena edo bizitzen dutena albo batera utziz, gatazkaren inguruan berba egiterakoan iheslariok konponbidera bidean zer esana daukagulako. Azken urteetan diagnostikoa egiten ibili gara, aurrera begira gure egoera nola konpondu eta abar argitzeko. Horren haritik, bihar bideorri bat aurkeztuko dugu».
Kolektiboak konponbidean nola parte hartuko duen be azaldu dute. «Horrelako prozesu handi bat ezin daiteke Espainiako eta Frantziako estatuen esku utzi. Estatuaren helburua higatzea da, eta prozesuaren garapena estatuen esku lagatzen badugu, badakigu ez garela inora ailegatuko».
Horren aurrean, azkenaldian egindako herri harresiak eta, oro har, desobedientzia zibilaren inguruan egindako ekarpenak oso positiboak izan direla diote. «Beraz, iheslarien, presoen eta beste gai potoloen inguruan herria izan behar da motorra. Estatuak, sasikonponbideak mahairatuz, higatzea dauka-eta helburu».
Azken bi urteetan «gauza asko» pasatu direla diote. «Konponbidea nahi dutenen aldetik aurrerapauso asko eman dira azkenaldian, baina estatuak oso erasokor ikusten ditugu, jarrera blokeatzailearekin». Horren aurrean, mobilizazioak herri danetara zabaldu behar direla deritzote. «Jendeak sentitu egin behar du, bestela zaila izango da hau aurrera ataratzea».
Iheslarien kolektiboak deituta zapatuan Miarritzen (Lapurdi) egingo duten ekitaldira joateko deia egiteko izan ziren azken hitzak. «Biharko ekitaldiaren helburua estatuei aurre egin eta konponbidean esku hartzen ez lagatzea da. Funtsean, guk errealitate ezberdinak mahairatuko ditugu bihar, iheslarien gaia nola konpondu ikusteko».
Estatuek erabaki egin beharko dutela diote iheslariek, eta argi daukate zein den jarraitu beharreko bidea. «Orain arte modura blokeo egoera mantentzearen aldeko jarrera erakusten badute, gure helburua gainetik pasatzea izango da, herriaren babesarekin eta herritarren ilusioarekin».
Herri babesa irudikatu nahian
Eta hori da, hain justu, iheslarien kolektiboak irudikatu nahi duena: herri babesa. «Nazioarte mailan lortzen diren kontaktuekin eta herritarrekin lortuko dugu hori».
Begirada atzera botata, lehen ez modura, orain bestelako babesa somatzen dutela diote. «Lehen babesa irudikatzen genuen, baina ez genuen ikusten. Orain, aldiz, babesa somatzen dugu, eta ez da erraza sentitzen duguna hitzez azaltzea, baina horrek indar handia ematen digu».
Horrekin guztiarekin, Miarritzeko ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diete iheslariek herritarrei. «Hor ikusten dugu indarra egin behar dela. Eta ikusten eta sinesten dugunez, herritarrei gure sentipen horrekin bat egiteko eskatzen diegu. Bestela, estatuak dena blokeatu egingo du». Herria mobilizatu egin behar dela uste dute Onkok, Kortabitartek eta Aldarondok. «Herriak behar hori sentitu egin behar du. Izan ere, guztion artean gatazka hau konpontzeko gai gara».
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.