Eskualdetik eta eskualdearentzako Ibilaldia ekarriko du Busturialdera, Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolak. Hori 2014. urtean izango da, baina, horretarako, aurretik egindako lana beharrezkoa izango da; egun bateko ospakizuna baino gehiago izango baita datorren urteko Ibilaldia.
Ikasturte barriagaz hasi zen beharrean Seber Altube, irailean. Di-da komunikazio enpresa kontratatu zuen lan horretan bidelagun aritzeko. Hala, bien artean, kronograma bat adostu zuten: hasteko, leloa eta irudia aukeratu beharra zuten, eta horrela egin zuten. Galdetegi bat prestatu zuten, eta emaitzetatik atera zen 2014ko Ibilaldiak izango duen leloa: Euskararen Bihozfera.
Ibilaldiaren irudiaren eta leloaren sorkuntza prozesua martxan jarri aurretik, aurkezpena egin zuten Elai Alai aretoan. Horrela, 2014ko Ibilaldiko kanpainarako oinarri grafikoak irudikatu eta lantzeko tailerra egitearen ideia sortu zen aurkezpenean.
Hartara, bost-sei taldetan banatuta, sormena landuz kartulinetan irudikatzeari ekin zioten martxoko zapatu batean; gerora, guztien artean pankarta egiteko.
Tailerra bideoz be grabatu zuten, «2014ko Ibilaldiaren irudigintzaren sorrera eta garapena biltzen duen bideo bat osatzeko eta berori egiteko landutako bide parte hartzailea erakusteko».
Ibilaldirako ia urtebete geratzen den honetan, hortaz, behar asko egina dira, dagoeneko: irudia, logoa, bideoa… Hori guztia ezagutzeko aukera izan zuen herriak joan den barikuan, Merkatu plazan egin zuten aurkezpenean.
Ibilaldiaren presentzia
Dena den, oraindik, lan asko egin beharra dago Ibilaldiaren antolakuntzan, eta horreta
n burubelarri ariko da ikastola. Gernika-Lumon zein Busturialdeko gainontzeko herrietan egiten diren ekintza ezberdinetan, Ibilaldiaren presentzia izatea da ikastolaren asmoa; horregatik, herriren batean ezer ez egon arren, ikastola bera arduratuko da zerbait egiteaz; «parkea umez betetzea bada be». Horrez gain, herriko denda, taberna eta gainontzekoak Ibilaldiaren parte senti daitezen, behar egingo du.
Parte hartze aldetik, ez dira kexu ikastolakoak; are gehiago, «partaidetza handia» dagoela aitortu dute; «bai ikastolakoen aldetik, eta baita kanpokoen aldetik be». Horregatik, horiek eskertu dituzte; «laguntasuna behar dugulako, eta musutruk egiten dutelako». Ibilaldiko koordinatzaile lanetan dabilen Garikoitz Meaberen arabera, gainera, errekor bi lortu ditu ikastolak; batetik, egiten dituzten batzarretan, 20 pertsonatik gora batzeagatik –normalean, hiru-lau izaten direnean–; eta, bestetik, erropez arduratzen den taldean hainbeste gizonezko izateagatik.
Ikastolaren zenbait helburu
Seber Altube ikastolak, eskualde osoko ikasleak hartzen ditu. Horregatik, eskualdeko biztanle guztiak jaiaren parte senti daitezen da ikastolakoen helburuetako bat. Alegia, «Busturialde osoa bere euskalduntasunaz eta bertoko euskararen aberastasunaz harro senti dadin» dute helburu.
Horrez gain, Seber Altube ikastolaren «eraikina barrizteko baliabide ekonomikoak eskuratu» gura dituzte; izan be, ikastolaren zenbait gune nahiko «zaharkituta» daude, eta gune barri bat be eraiki gura dute Ibilaldian batutako diruagaz. tituzte.