Bermeoko Udalaren Ingurumen Sailetik adierazi dutenez, “eguraldi txarrak baldintzatu egin du Ingurumen Astearen baitan antolatuta egon diren jardueren parte hartzea”. Halanda guztiz be, harrera “positiboa” izan dutela diote.
Esaterako, barikuan, 15 ume inguruk parte hartu zuten material birziklatuekin jostailuak egiteko tailerrean. Azaldu dutenez, “euri zaparradak zirenez, bertan behera uzteko esperantza genuen, baina azkenean egitea erabaki zen”. Idoia Gabantxo diseinatzaile bermeotarrari esker, Bermeoko umeek birziklatzea zer den ikasi ahal izan zuten.
Bestalde, zapatuan, “bardina” gertatu zela aipatu dute Ingurumen Sailetik, sendabelarrak ezagutzeko antolatutako irteera “hasiera batean bertan behera uztea pentsatu genuen”. Behin egitea erabakita, 15 lagunek parte hartu zutela esan dute eta Kurtziotik hasi eta Demikurainoko bidea egin zuten parte hartzaileek. Ondoren, domekan, zapatuan batutako sendabelarrekin erremedio desbardinak prestatzen ikasi zituzten. Jarduera hori “arrakastatsua” izan zela jakinarazi dute, “30 lagunek parte hartu baitzuten”. Garbiñe Zulaika naturopata bermeotarrak zuzendu zuen tailerra. Tailer horrek izan duen arrakasta ikusita, datorren urtera begira barriro antolatzeko asmoa agertu dute.
Busturian be, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan hainbat izan dira Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduerak. Umeek zein nagusiek hainbat jardueretan parte hartzeko aukera izan dute asteburuan; horrela, Irrien Lagunekin kalejiran, inguruko zuhaitzak eta natura ezagutzeko, maitatzeko eta sentitzeko aukera izan dute, Noeren Arka txirrista puzgarritik jaitsi ahal izan dute, kometa biodegradarriak eta ur-suziriak egin dituzte eta irteera desbardinetan parte hartzeko aukera izan dute, beste hainbat jardueren artean.