Garai berrira egokitu da HITZA, paperetik sarera eta saretik paperera
Elementu multimediak gehitu, sare sozialak ustiatu eta bestelako bideei ekin die Hitzak, irakurleei aukera barriak emanez Webguneen bidezko zuzeneko emisioak indarra hartzen doaz gutxinaka.
Informazioa, argazki galeriak, bideoak, albistegiak… Zerrenda luzea da, baina erronkak be ez dira gutxi. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak bestelako jauzia eman nahi izan du, eta, sarea eta papera uztartuz, bere eskaintza zabaldu du. Bideari ekinda, egunero-egunero eskualde bateko edo besteko webguneen erabiltzaileen kopurua goraka doa: Lea-Artibain eta Mutrikun %43 igo da erabiltzaile kopurua; Busturialdean, %32,9.
Begirada urtebete atzerago botata, Asteko albistegiaren jaiotza aurki daiteke. 2012ko ekainaren erdi aldera izan zen hori. Aste osoko informazioa beste bide eta formatu batzuetan eskaintze aldera, bideoaren aldeko apustua egin zuen Hitzak. Hala, astean zehar gertatutako albiste nabarmenenak aukeratu, eta albistegi batean jasotzen hasi zen. Baina albistegiak bestelako eskaintza be badauka, albisteak egunkarian argitaratu gabeko irudiek lagunduta osatzearen alde egiten baitu Hitzak.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Asteko albistegiak beste jauzi bat eman zuen 2012ko azaroaren 16an, albistegi amankomun bat ekoiztetik eskualde bakoitza bere albistegi propioa edukitzera pasatu baitzen. Ordutik hona, beraz, bi albistegi egiten ditu Hitzak barikuero: Lea-Artibai eta Mutrikukoa, eta Busturialdekoa. Hortaz, albistegiak barikuetatik aurrera egoten dira ikusgai, hurrengo barikuan albistegi barriak lekukoa hartu arte.
Bestalde, asteko albistegiaz gain, asteko zorion agurren bideoa ere eskaintzen du Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak. Horretan, aste osoko zorion agurrak eta agur bakoitzari dagokion mezua bideo formatuan ikusteko aukera ematen du. Zorion agurren bideoa albistegiaren atzetik edota bananduta ikus daiteke.
Zuzeneko emanaldiak.
Bestalde, zuzeneko emanaldiak Hitzaren erronka berrien artean daude. Izan ere, gertakari edota jai garrantzitsuenetan zuzeneko konexioak egiten ditu Hitzak, in situ, streaming bidez. Zuzeneko emisio horiek sare sozialen bitartez edota papereko albisteekin batera iragartzen dira.
Emisio horiek webguneen bidez jarraitu behar dira, zuzenean, eta, gerora, behin emisioa eskaini eta zuzeneko konexioa eteterakoan, grabatutako bideoak ikusteko aukera be egoten da.
Webguneek eskaintzen dutena, baina, askoz haratago doa. Izan ere, paperean agertzen ez diren argazkiak edota lotura interesgarriak ere jasotzen dira albisteetan. Horren harira, argazki galeriak eta bideo bereziak gehitzen zaizkie albiste nagusienei.
Egiten diren argazki galeria guztiak Irudiak atalean sartzen dira bi eskuldeetako webguneetan, eta, ondorioz, albisteak zaharkitu heinean be galeria horiek ikusgai egoten dira.
Horrekin guztiarekin, Hitzak bestelako jauzi bat eman nahi izan du, paperetik sarerako jauzia, baina, aldi berean, papera eta sarea lotuz. Aurrera begira be erronka berriei ekiteko asmoa dauka Hitzak: albistegiak garatu, multimedia eskaintza zabaldu… Etenik barik darrai aurrera, beraz, betiere, irakurleengana heltzeko bide berriak jorratuz.