Charo Diez eta Cesar Carmona
Charo Diez (Huesca, Espainia; 1960) Cesar Carmona gaztearen ama da. Meningitisak jota gaixotu zen Carmona, bi urte zituela, eta 25 urte inguru daramatza gurpildun aulki batean eserita. Izan be, garuneko paralisia eragin zion meningitisak, ondorio larriak utziz eta bizimodu normala egitea galaraziz. Azkenaldian, gainera, gazteak arazo ugari izan ditu, gurpildun aulki barri bat behar baitzuen. Diezek azaldu duenez, «aulki zaharra egoera oso txarrean zegoen, baina ez geneukan barria erosteko dirurik». Hortaz, Carmonaren eta familiaren bizi kalitatea hobetzeko asmoagaz, iazko abuztuan tapoi bilketa bat hasi zuten. Zortzi hilabeteko kanpainaren ostean, tapoi nahikoa batu, eta gurpildun aulki elektriko barria etxean daukate dagoeneko.
Amaitu duzue Cesarren gurpildun aulki barria erosteko tapoi bilketa, ezta?
Bai, espero baino lehenago amaitu be. Xaiborren ongintzazko jaialdiak eta Eroskiren kanpainak asko lagundu gaituzte dirua lortzerako orduan. Aulkiaren kostuaren erdia tapoiekin ordainduko dugu, eta beste erdia aipatu kanpainekin batutako diruagaz. Iazko abuztuan hasi ginen tapoiak biltzen, eta ordutik zortzi tona batu ditugu. Beraz, tapoi tona bat batu dugu hilabete bakoitzeko.
Aurreikusi baino tapoi gehiago batu duzue zortzi hilabete horietan, edo zaila izan da laguntasuna lortzea?
Aurreikusi baino hobeto irten da guztia. Egia esan, ezusteko handia izan da horrenbesteko laguntza jasotzea. Hasieran hogei tona inguru batu beharko genituela aurreikusi genuen, eta gehiegi zirela uste genuen. Halanda be, jende asko inplikatu da, eta pozarren gaude: Cesarrek aulki barria izango du.
Helburua beteta, zelan sentitzen da familia?
Pozarren. Berbekin ezin dezaket azaldu familiaren esker ona.
Gogorra izan al da tapoiak batzen ibiltzea?
Egunero ibiltzen ginen batetik bestera, tapoiak batuz. Kotxea tapoiz gainezka eramaten genuen. Gogorra izan da batetik bestera ibiltzea, baina baita oso aberasgarria be.
Tapoi bilketa amaitutzat emon duzue, beraz?
Gurpildun aulki barria lortuta, kanpaina amaitutzat jotzea erabaki dugu. Hala, antzeko arazoak dituen beste familia batek tapoiak batzeko aukera izan dezake aurrerantzean. Kanpainagaz jarraitu gura duen familiaren bat egonez gero, gurekin harremanetan jartzea eskatzen diogu. Horretarako, ASINSOC elkartean galdetu dezatela. Gauza bakarra eskatzen dugu: kanpainagaz jarraitu gura duen familiak tapoiak batzeko ardura hartzea.
Hortaz, elkartasun uholdeari jarraipena emon gura diozue?
Cesarrenganako elkartasun uholdea ikaragarria izan da, eta ez dugu egindako lana bertan behera utzi gura. Hala, elkartasun uholdeari jarraipena emon gura diogu, beste pertsona batzuk lagunduz. Gutxienekoa da guk hainbesteko laguntza jaso ostean.
Hortaz, esperientzia aberasgarria izan da?
Dudarik barik. Elkartasun uholdeak asko hunkitu gaitu, eta ez dugu inoiz ere ahaztuko. Tapoiekin betetako zabor poltsak batzea oso zirraragarria izan da guretzat, tapoi poltsa bakoitzak helburura apur bat hurbiltzen gintuelako. Gogorra be izan zen hasieran, lotsatu egiten ginelako. Gure familiako kideek lanpostu bat izan dute beti, eta inoiz ez dugu ezer eskatu behar izan. Halanda be, egoera zeharo aldatu zen, eta eskean ibili behar izatea gogorra izan zen.
Errazagoa da solidarioa izatea arazoa bertoko lagun batek duenean?
Argi dago baietz. Kaltetua zure herriko pertsona bat denean, solidarioagoa zara.
Baten bati eskerrak emon gura dizkiozu?
Ziur aski baten bat ahaztuko dut, baina, besteak beste, ostalariek, komertzioen jabeek, Materiales de Construccion Muxikak, Gorabideren eguneko zentroak, Lantegi Batuak elkarteak, ASINSOCek, Xaiborrek eta Eroskik lagundu digute kanpaina aurrera ateratzerakoan. Bestalde, ezin ditugu aipatu barik utzi tapoiak batuz lagundu gaituzten guztiak.