‘Gernika-Hiroshima’ lana
Bertrand Rusell idazlearen liburuaren titulua bere eginez,
Unarmed Victory izena daroa Pablo Ugartetxeak (Bilbo, 1967) Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean ikusgai jarriko duen lanak. “Russellek Amerikako Estatu Batuen (AEB) eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) krisia jorratzen du liburuan, Gerra Hotzaren garaian mundu mailako hirugarren guda bat lehertzeko zorian egon zen krisia, alegia. Egoera, baina, elkarrizketaren bidez gainditu ahal izan zuten, ez armen bidez. Ildo beretik, Gernikak be bere garaipena lortu duela uste dut, eta ez da mendekuaren, armen edota suntsiketaren bitartez lortutako garaipen bat izan, baizik eta elkarrizketaren, hitzen, artearen… bidez lortutako garaipen bat”, azaldu du egileak.
Ugartetxearen arabera, XX. mendeko artelanik famatuena da Picassoren
Gernika. “Egin behar ez dena gogorarazteko balio du. Bere garaipenagaz, bakearen eta adiskidetzearen ikur unibertsal bihurtu da Gernika; barkatuz, baina inoiz ahaztu barik”.
Ideia horretatik abiatuta, Gernikak berak inspiratu du Ugartetxea
Unarmed Victory prestatzeko. Horrez gain, Astra bera be inspirazio iturri izan du, arma lantegi ohi bat, suntsiketarako zentro bat sorkuntzarako gune bihurtzeak hausnartzera eroan baitu bilbotarra. “Gogoeta horretatik hasi, eta hiribildu magiko eta ikoniko horretan zehar murgiltzen da erakusketa, kutsu sinboliko indartsuak dauzkan herrian zehar: arbola eta Europar demokraziaren sehaska, hiri martiria, Bakearen Hiria…”.
Keinuz keinu
Olio-pintura mixtoaren teknika, arkatz-tinta… erabili ditu bilbotarrak
Unarmed Victory osatzeko, eta papera eta argazkiak baliatu ditu euskarri gisa. Edukiari dagokionez, hiri martiriaren kutsu sinboliko handiagaz erlazionatutako paisaia arkitektonikoekin urtzen ditu herriaren irudiak. Beste artelan batzuei edota gizakiaren tolerantzia ezari eta grina suntsitzaileari buruzko literatura eta zine sorkuntzei egindako keinu eta erreferentziak nabarmenak dira Astran ikusgai jarriko dituen lanetan.
Erakusketaren kartela bera be adierazgarria da guztiz, Hiroshimako bonba atomikoa Gernikako arbola bihurtzen baitu irudiak. Egilearen arabera, “gure zibilizazioak suntsiketaren inguruan daukan sinbolorik handiena demokraziaren, kontsentsuaren, elkarrizketaren ikur bilakatzen da” lan horretan.