Xixilik harrizkoa izateari uzteko, 100 txupete batzen dabiltza Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari Bermeoko erraldoiak. Sorgin batek harrizko bihurtu zuen Xixili, bere alabari txupetea kentzeagatik. Xixili harrizkoa izango omen da, sorginak lorik egin barik pasa zuen egun bakoitzeko txupete bana lortu arte, 100 alegia. Istorio hori kontatzen duen
Ekau pipie Xixilintzako! liburuxka argitaratu du Bermeoko erraldoien konpartsak. Helburu bikoitza du: bata, umeei txupetea kentzen laguntzea, eta bestea, herriko erraldoiak ezagutzera emotea.
Bermeoko erraldoien konpartsak atera duen liburuxka hori Bermeoko ikastetxeetan banatu dutela azaldu du Joseba Batiz, konpartsako presidenteak. Hain zuzen be, bi eta hiru urte bitartean dituzten haurren artean banatu dutela zehaztu du.
Txupeteak Olentzerori emoten dizkiote edo San Juan gaueko sura botatzen dituzte gehiengoetan umeek. Bermeoko erraldoiek, orain, beste ohitura bat zabaldu gura dute eta beste zenbait lekutan egin moduan, Iruñan esaterako, umeek txupeteak erraldoiei emoten hasteko ohitura hedatu gura dute. «Dagoeneko batzuk batu ditugu, baina gehiago zabaldu gura dugu eta horregatik egin dugu istorio hau», dio Batizek.
Eukene Markina Agirrek egin ditu marrazkiak eta gidoia, barriz, Berde jaunak. Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoiak dira ipuineko pertsonaiak eta Xixilik be parte hartzen du.
2002an lehenengo bikotea
Bermeoko kultura zinegotzi Aingeru Astuik azaldu duenez, liburuxka honek beste helburu bat be badauka, «erraldoiak ezagutzera emoteko aukera paregabea emoten baitu. Bermeok duen ondare garrantzitsua dira erraldoiak, itsas eta baserri munduaren isla dira, eta txikiek zein nagusiek horien barri izatea gura dugu».
2002an egin zituen Bermeoko Udalak lehenengo erraldoien bikotea, arrantzaleena, hain zuzen: Anton arrantzalea eta Josefin saregina. 2004an, barriz, bikote baserritarra egitea erabaki zuten, Lorentzo eta Mari. Halanda be, erraldoien konpartsa ez zen 2006. urtera arte osatu.
Hamabi lagunek osatzen dute erraldoien konpartsa eta Batizek aurkezpen ekitaldia aprobetxatu du herritarrak taldean parte hartzera gonbidatzeko, «hiruzpalau lagun gehiago beharko genuke taldean. Hainbat dira egiten ditugun irteerak eta ezinezkoa da beti danok egotea».