Mikel Neira arkeologoa
Bermeoko Udalak eskatuta, Zarragoitxiko gazteluari buruzko ikerketa historiko-arkeologikoa egiten ari da Qark. Arqueologia. S. L taldea. Mikel Neira Zubieta (Bilbo, 1978) arkeologoa egon da Zarragoitxin lanean. Aztarnategiaren egoera ikertu dute, laborategiko lanak egiten ari dira orain eta ondoren indusketa lanak egingo dituzte.
Zer da zehatz-mehatz Zarragoitxin dagoena?
Harresia eta dorreak defentsarako gotorleku bezala lotu izan dira tradizioz. Hori da Zarragoitxiko mendian dagoena: Bizkaiko jauntxoek Bermeon zuten gotorlekua eta alkazar izenarekin ezagutzen zena. Zarragoitxiko gazteluari buruz berba egiten duen XIV. mendeko dokumentazioa genuen; 1335. urtekoa, alegia. Bertan dagoen egitura horretan harresia eta zenbait dorre daude.
Zein da haren egoera?
Zarragoitxiko mendiak perspektiba oso onak ditu; ez da eraiki, eta mendiaren zorupea be ez dela aldatu esan daiteke. Halanda be, bertan dagoena baloratu behar dugu, eta horretan gabiltza.
Zer da orain arte egin duzuena?
Lehenengo fasean, bereziki, aztarnategiaren egoera aztertu behar da, ondoren bertan daukagunaren planteamendua egin ahal izateko. Zarragoitxin aztarnak daude, dokumentazioa be badaukagu eta zutunik dauden egiturak be badaude. Otsailean hasi ginen lanean, eta lehenengo fase honetan gure lanak ez du auzoko ordena aldatu. Dokumentazio lanak egiten ibili izan gara. Lehenengo dokumentazio geometriko bat egiten ibili gara: topografikoa eta harresiaren azterketa fotografikoa. Izan be, harresiaren egoera denborarekin hondatzen ari da; horregatik, lehenik eta behin bertan dagoena dokumentatu behar zen. Bestalde, araketa elektrikoak eta georadarrak egin ditugu. Modu horretan, lurrazpian aldaketak egon diren edo lurpeko egiturak dauden jakin ahalko dugu.
Eta orain zertan ari zarete?
Egituren irakurketa estratigrafikoa egiten ari gara, hau da, harriz harri azterketak egiten ditugu eraikitze fase desbardinak identifikatu ahal izateko. Gainera, ikerketa petrologiko bat be egiten ari gara. Horren bitartez, harriak nondik ekarri zituzten jakin ahal izango dugu, baita materialak eta morteroa be. Hau da, ikerketa horien bitartez, harresi hau zer den jakin ahal izango dugu: lan bakarra den, eraikitze fase desbardinak dituen… Izan be, harresi horren hainbat dokumentu ditugu XIV. eta XIX. mendeen artekoak. Beraz, gauza bakoitza zeini dagokion identifikatzeko lanetan gabiltza. Ikerketa hori egin ondoren, laborategian sartuta gaude bildu ditugun datu horiek guztiak aztertzeko. Emaitza guztiak ditugunean, Zarragoitxiko mendi gailurrean arkeologia indusketa egiteari ekingo diogu. Irailean edo urrian hasiko gara horrekin. Datorren urtera begira, azterketen emaitzen arabera, bigarren arkeologia indusketa bat egitea aurreikusita dago.
Arkeologia indusketak zer emon dezake ezagutzera?
Gazteluaren barneko ekintza eta eraikitzearen kronologia. Aztarnategiaren egoeraren barri dugunean, etorkizunera begirako proposamenak aurkez ditzakegu, gazteluari balioa emoteko.
Zertarako erabiltzen ziren mota horretako gazteluak?
Denbora luzea daramagu gazteluen historia ikertzen, eta zenbait hipotesi daude. Gazteluak eskaintzen digun kronologiaren arabera, bere funtzionalitatea alda daiteke. Zarragoitxikoaren kasuan, izan zitekeen jauntxoek zaintzarako erabiltzea; izan be, leku garai batean dago, itsasora begira eta ikuspen oso ona du. Hori bai, bertan dagoen egituratik jakin dezakegu oso handia zela, uste genuena baino handiagoa. Hortaz, oraindik interpretazioak zabalik daude.