Iazko zurrunbiloa errepikatuko ez den arren, bonbardaketaren 76. urteurrenean be 1937ko apirilaren 26an hil zirenak gogoan izango dituzte Gernika-Lumon. Elkarteek, udalak, museoek… antolatutako ekitaldien bidez, gertaera hark herritarren bihotzetan iltzatuta jarraitzen duela azaleratuko dute herritarrek.
Barikuan izango dira ekitaldirik nabarmenenak, urteurrenaren egunean. George Steer omenduko dute Gernikazarra historia taldeak eta udalak, urtero legez. Eguerdian, ostera, Bakea eta Berradiskidetzearen aldeko IX. Gernika Sariak emango dituzte Lizeo Antzokian. Aurten Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren politikariei emango diete Euska Herri mailakoa, «datozen belaunaldiek bakea eta askatasuna ezagutu dezaten egindako lanagatik», eta bien alabak igoko dira Lizeoko oholtzara, haien izenean saria hartzera. Nazioarte mailakoa, bestetik, Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduak jasoko du.
Lizeoko ekitaldia sariak emateko baino gehiagorako baliatuko dute. Izan be, iaz Nagasakirekin munduko bakearen alde elkarlanean aritzeko akordioa sinatuta, aurten Dresdegaz gauza bera egingo dutela azaldu du Jose Mari Gorroño alkateak. Hala, munduan egon daitezkeen gudak saihesteko ahal dituzten neurriak hartzeko elkarlanerako akordioa izenpetuko dute Erresuma Batuko eta AEBetako aireko indarrek II. Mundu Gudan bonbardatutako Alemaniako hiri horretako ordezkariek Lizeoko ekitaldian. Horrez gain, Hiroshimak eta Tsuchisakik (Japonia) akordioa sinatuta helaraziko dutela iragarri du alkateak.
Alabaina, herritarrentzako unerik hunkigarrienak izan daitezkeenak 15:45ean iritsiko dira, orduan hasiko baita sirena eta kanpai hotsa. Horrekin batera, Gernika 4 minutu performance herrikoia egingo dute biztanleek, «pentsatzeko, gogoratzeko, gure guraso edo aiton-amonek kontatu eta bizi zutena oroitzeko». Iaz bezala, Errenteriako zubia, Eriako lorategiak eta San Kristobal plaza dira Kultura Batzordeak proposatutako elkarguneak, baina edozein leku izan daitekeela aproposa ekarri du gogora, lau minutuko isil eta geldiunea egiteko deia eginez.
Zallo hilerriko lore eskaintza eta elizkizunak be oroitzeko minutuak emango ditu. Urteroko egiturari jarraituz, Gaudeamusek, dantzariek, bertsolariek… parte hartuko dute, hainbat erakundetako ordezkariez gain.
Arratsaldean herrigunera bueltatuko da oroitzeko tartea, Gernika sutan antzezlanari esker. Juntetxetik abiatuta, herrian zehar ariko dira herritarrak bonbardaketaren une gordinak irudikatzen, eta, aurrekoetan bezala, hainbat ikusle bildu ohi dituen ikuskizuna Foru plazan amaituko dute. Eta leku horretatik abiatuko da Gernika Batzordeak deituta herria kandelekin argiztatzen duen manifestazio isila be. Ondoren, fagot eta zeharkako flauta emanaldia egongo da Astrako babeslekuan, Windmusak bikotearen eskutik.
Bonbardaketaren 76. urteurrena barikuan beteko den arren, Gernika-Lumoko Kultura eta Bakearen Nazioarteko XXIII. Jardunaldiak egingo ditu gaur eta bihar Gernika Gogoratuz bakearen aldeko aztertegiak, Boterea eta Bakea. Bake-ekonomia. Bakearen boterea lelopean. Zine-Klub elkarteak be bere ekarpena egin gura izan du eta, urtero legez, ziklo berezia antolatu du bonbardaketaren urteurrenerako. The Attack eta La noche mas oscura dira aurten hautatutako filmak.
Erakusketak be hainbat
Hainbat dira antolatutako erakusketak be. Keixetaren Gernika: zerrenda amaitu gabea izenekoa hartuko du kultur etxeak, Azkenengo Gernikak Euskal Herria Museoak eta Memoriaren babeslekua Astra ondoko bunkerrak. Horiez gain, Hezur eta azal izenekoa paratuko dute lobek Merkurio iturriaren inguruan eta Merkatu plazan. Maiatzean, bestalde, 25 urte bakegintzan eta Condor Legioak Gernikan eragindako suntsipena izenekoak egongo dira ikusgai, Elai-Alai aretoan.
Loben eskutik etorriko dira zapatu-domekako jarduerak. Zapatu goizean, herriaren oraina eta etorkizuna lotu asmoz, elkarrizketak egin eta grabatuko dituzte kalean. Arratsaldean, aldiz, Tia Luisita dokumental laburra proiektatuko dute, herrian zehar. Azkenik, domeka arratsaldea umeei eskainitakoa izango da. 18:00etan, Kukue dator!!! antzezlanaren bitartez, animalien bidez irudikatuko dute lobek bonbardaketa.
Maiatzaren 4ak, aldiz, Bakearen doinuak eroango ditu Jai Alaira. Izenburu horregaz, Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak, orkestrak eta abesbatzek; Andra Mari koralak, Ondarroako Unanue kamara koralak, Mungiako abesbatzak, Elai-Alai dantzari taldeak eta Ross dantza eskolak kontzertu berezi bat emango dute.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.