Ganbaratik taldeko bi kideak, Mundakan
Lan akustikoa prestatzen ari da Ganbaratik musika taldea; bi gitarra eta ahotsa, besterik ez. Antxon Matilla Iturregi (Mundaka, 1994) eta Unai Arostegi Fernandez (Bermeo, 1992) dira taldeko kideak, eta Aste Santuko oporraldian hasi ziren lehenengo diskoa kaleratzeko grabaketa lanak egiten.
Bakoitzak bere taldea izanik (Urgatz eta Casus Belli) zelan erabaki zenuten beste proiektu baterako batzea?
Unai Arostegi. Urgatz taldearekin aritzeaz gain, disko instrumental bat egiteko gogoa neukan. Nire ganbaran estudio txiki bat sortu nuen; hortik taldearen izena, Ganbaratik. Ahotsa jartzeko, barriz, Casus Belliko Antxon prest agertu zen, eta hortik abiatuta, entseguak hasi genituen.
Abestiak zuek egiten dituzue?
U. A. Bai, dan-dana. Elkarlanean, musika tresnekin ideia bat garatzen dugu, eta ondoren letrak idatzi; batzuetan unean-unekoak izaten dira, eta beste zenbaitetan, barriz, gehiago pentsatu beharrekoak.
Eta zer kontatzen dute letrek?
Antxon Matilla. Azken finean, danak dira antzekoak, saltzen dena egiten dugu guk be. Batez be, maitasun istorioak kontatzen dituzte.
U. A. Gure egoeraren barri be emoten ahalegintzen gara abestietan, hau da, zelan ganbara batetik gogotsu aritzen garen musika egiten; Musikaren esklabu abestian hori kontatzen dugu.
Diskoa grabatzeko lanetan be aritu zarete, ezta?
U. A. Bai, Aste Santuan hasi ginen. Grabaketa lanak ondo joan ziren, baina ez genuen amaitzeko denborarik izan. Ganbaran egin genituen grabaketak, Asier Allikaren laguntzarekin. Allikak berak eta Keu Agirretxeak utzitako materialari esker aritu ginen grabatzen. Halanda be, oporretan ez genuen amaitu, eta Keu Agirretxea be diskoa grabatzen ari denez, materiala bueltatu behar izan genion. Hortaz, gurea amaitzeko udara arte itxaron beharko dugu.
Oztopo ugari, beraz.
U. A. Oztoporik handiena diru falta da.
Zenbat abestik osatuko dute diskoa?
U. A. Hamar izango dira. Gainera, Keu Agirretxeak eta Jon Gurrutxagak kantatuko dute abestietako bat. Mikel Elgezabal gernikarrak be txeloarekin lagunduko digu zenbait abestitan, eta Unai Renteriak biolinarekin.
Ohiko CDa barik, USB memoria erabiliko duzue diskoa saltzeko.
U. A. Bai, hori da asmoa. Urgatzekin ateratako diskoarekin konturatu gara jendeak guri mesede bat egitearren erosten duela diskoa.
A. M. Guk, beraz, jendeari beste mesede bat egin gura diogu, eta gure abestiak USB memoria batean sartuko ditugu, bakoitzak gura duen moduan erabil dezan. Gainera, modu hori guretzat merkeagoa be bada.
U. A. Gure diskoa atsegin ez duenak ezabatzeko aukera izango du, eta USB memoria berea izango da.
Zein da zuen asmoa?
U. A. Tabernetan eman gura ditugu kontzertuak, gure taldeekin ohiko dena baino leku txikiagoetan. Musika estilo honek hori eskatzen du.
Argi dago musika egitea gustuko duzuela. Denbora asko eskaintzen diozue?
A. M. Egunaren arabera; batzuetan ikuturik be ez, eta beste batzuetan arratsalde osoa.
U. A. Egunean ordubete inguru bai, baina, Antxonek esan duen moduan, egunaren arabera.
Honetaz bizitzea gustatuko litzaizueke?
U. A. Bai, gustuko dugun horretan lan egin ahal izatea eta horretaz bizitzea izugarria izango litzateke, baina zaila da.
Zelakoa da, zuen ustez, euskal musikaren egoera?
U. A. Zirkuitu bat dela esango nuke. Izena dutenek funtzionatu ohi dute, nahiz eta disko txar bat kaleratu. Guk disko izugarri ona egin dezakegu, baina bardin jarraitu.