Erakusketako kartelak
Gatazka politiko eta armatuetan murgilduta, jendartearen ahalmen sortzailea garatu egin ohi da. Hala, guda edo gatazka sasoietan garatu dira gaur egun mundu osoan erabiltzen diren hainbat eta hainbat asmakizun. Ordenagailua, laserra, erabili eta botatzeko bizar-aitzurra, GPSa, laserra edota esne kondentsatua dira sormen horren zenbait adibide. Alabaina, egunerokotasunean darabilzkigun objektuetan be edukitzen dute gatazkek eragina. Errealitate hori azaleratu asmoz, Gatazkak eraldatutako eguneroko bizitzako objektuak erakusketa jarri dute ikusgai Gernika-Lumoko Bakearen Museoan.
Ipar Irlandako gatazkari buruzko ikuspuntu eta esperientzia ugari bildu ditu HTR Healing Through Remembering elkarteak, eguneroko elementuen bitartez, eta, Irlandan zehar ibili ostean, Gernika-Lumon dago lagina; baina, kasu honetan, argazki bilduma modura. Objektuek gatazkan izan duten zeresana eta kutsu politikoa agerian uztea dauka erakusketak helburu, bidaia berezi bat eginez eta istorio desberdinak azalduz.
Gune abertzaleetan abisuetarako erreminta bezala erabiltzen zuten zabor-edukiontzi bateko estalkia, unionisten eta IRAren aldeko kartelak, alde batekoek zein bestekoek txanponetan egin zituzten estanpatuak, kartzela barrura balak sartzeko erabili izan ziren zapatak, poliziak erabilitako balen kontrako paper-eusgailua, molotov koktelak egiteko erabiltzen ziren kristalezko esne botilak, eskubide zibilen aldeko txapak edota Ulsterrek ezetz dio unionisten lema ezaguna inprimatuta duen pospolu-kaxa dira erakusketan ikus daitezkeen objektuetako batzuk. «Pertsona, komunitate eta erakundeen eguneroko bizitza eta oroitzapenen ikuspegia eskaintzeaz gain, gatazka horren izaera, zergatiak eta efektuak esploratzen laguntzen diete bisitariei objektu hauen atzean dauden istorioek», azaltzen du Bakearen Museoak erakusketa aurkezteko prestatutako liburuxkan.
55 argazki, 55 azalpen
Izan be, historiaren bertsio bakar bat ematea baizik, «eskarmentu desberdinetako pertsonek beraiek bizi izandakoaz hitz egitea» da HTR elkartearen xedea. Hori horrela, objektu bakoitzari dagokion azalpena daroa 55 argazkietako bakoitzak, jabeak berak idatzita.
Elementu horiek guztiak batuta, HTR elkarteak gatazkaren bi aldeen arteko sare bat osatu nahi du. Eta hori lortzeko bidean, erakusketako objektuen jabeak bertako partaide dira. Horien artean daude, esaterako, poliziak eta espetxeetan egin ziren gose grebetako batean parte hartu zuten militanteak. Bi ideologiak elkartzen dituzte, beraz, Gernika-Lumoko Bakearen Museoko sotoko hormak apaintzen dituzten argazkiek.