Herri bazkarian 100 lagun inguru bildu ziren
Busturiko I. Gazte Eguna eta Otsozulo gaztetxearen aurreinaugurazioa eta aurkezpena eskutik helduta ekarri ditu apirilak. Zapatuan egin zituzten busturiarrek bi ospakizunak Axpe auzoan, hogei ordu eta erdiko egitarau osatu batekin. Asteburuko ajea igarota eta balorazio ofizial baten faltan, oro har «oso-oso gustura» geratu da emaitzagaz Otsozulo elkartea. Izan be, gisa horretako proiektu bat antolatzen duten lehen aldia izanik, egitaraua aurrera eroateko gaitasuna agertu dutela uste dute, «koordinazio akats txiki batzuk salbu». Horrenbestez, «aurreikuspenak bete» dituztela diote.
Magia ikuskizuna zen eguneko lehenengo jarduera, baina, arazoren bat tarteko, Txan magoak ez zuen Busturiara joaterik eduki. Inprobisazioari eta irudimenari heldu, eta umeentzako jolasak egin zituzten Axpen batutako gurasoek zein gazteek, umeen gozamenerako. Eragozpen hori gaindituta, herri bazkariak eman zuen eguneko bigarren poztasuna, aurreikuspenak gaindituz 100 lagun batu baitziren alkarregaz bazkaltzeko, eta, gaztetxean hainbesterentzako lekurik ez zegoela eta, frontoian atondu behar izan zuten janlekua.
Eguneko ekitaldiak amaituta, bestalde, «jai eremua betetzen hasi» zela azaldu du Otsozulok, «itzelezko jai giroa» sortuz. Gainera, jarduera batetik bestera ez zen hutsunerik izan, «etorritakoen kopurua konstantea izan baitzen egun osoan zehar». Hori dela eta, egitaraua ondo antolatuta egon zela dio. «Ekintzak oso parte hartzaileak izan dira, eta ume zein gazteen parte hartzea erabatekoa izan da». Hori horrela izan zedin eragileek emandako laguntza eskertu du elkarteak. Eguna heldu orduko izandako «beldurrak eta zalantzak uxatuta», beraz, eskualdeko egutegian Busturiko Gazte Eguna erreferente bilakatzea da Otsozuloren nahia.
Etorkizunerako erronkak
Herriko gazteen nahiz txikienen eta nagusienen beharrizan kulturalak eta aisialdikoak asetu asmoz jaio eta bi urteko ibilbidea egin ostean, Otsozulo gaztetxea izango denaren inaugurazioa eta herrian Batukada Taldea sortzea izango dira Busturiko Gazte Asanbladaren erronkak etorkizun hurbilera begira. Zehaztu duenez, auzokideen betebeharrak asetzea izango du helburu nagusi gaztetxeak, «eskaintza zabal bat eskainiz».
Hori horrela izan dadin, hiltegi izandakoaren azpiegiturak zehaztu dituzte. Hala, beheko solairuan «egunerokotasunean lasai egoteko gela» atonduko dute, musika taldeek, dantza taldeak… entsea dezaten. Ekitaldiak daudenerako agertoki bat be ipiniko dute bertan, eta aurrera begira rokodromo bat egitea be badaukate helburu. Goiko solairuan ikasketa gela bat, liburutegi soziala, musika instrumentuen gela… ipiniko dituzte. «Herriak eskatzen digunera egokitutako txokoak eskaintzea da gure asmoa».