Gernikatik Mundura, Gernika Gogoratuz eta Ideasur elkarteek antimilitarismoaren eta memoria historikoaren inguruko lehen jardunaldiak antolatu dituzte. Lehen saioa barikuan egingo dute, Rif-eko (Maroko) herritarren laguntzagaz. Hain zuzen, Marokoko gerrak lur eremu horretan izandako eragina aztertuko dute bildutakoek, Gernika-Lumok izan zuen erantzunkizuna ahaztu barik. Izan be, bertoko arma lantegietan ekoiztu zituzten Marokoko gerrako bonbak. Gaur egun, bestalde, Rif-egaz anaituta dago Euskal Herria.
Jokin Alberdi gernikatik Mundurako kideak azaldu duenez, “elkartasun esperientzia txiki horiek” goraipatu behar dira, balore aldaketa bat emoteko. Hala, gerratik bakera salto egin daitekela erakutsi gura dute jardunaldiekin.
Apirileko bigarren saioan Kolonbiaren eta Euskal Herriaren arteko loturak aztertuko dituzte, eta maiatzean Euskal Herriko ekintza antimilitaristak.
Barikuko egitaraua
18:30ean. Gernika eta Al Hozeima hitzaldi sorta. Mohamed el Morabet kazetariak (Gerra kimikoa Rif-en), Txato Etxaniz Gernikazarrako kideak (Gernika-Lumoko arma lantegien erantzunkizuna Rif-eko gerran), eta Khalib Amzir AZRAF-eko kideak (Euskal Herria eta Rif-en arteko elkartasuna bederatzi hamarkada eta gero) egingo dute berba.
20:00etan. Arrash pelikularen inguruko zine-foruma.
21:00etan. Rif-eko tearen eta gozokien dastaketa