
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak Gernikako bonbardaketa eta bere nazioarteko oihartzuna liburua kaleratu barri du, bonbardaketaren 75. urteurrenean egindako sinposioa oinarri hartuta. Gernika-Lumoko Historia Bildumaren bederatzigarren zenbakia da lana, eta nazioarteko zenbait adituren esanak batzen ditu. Herriaren bonbardaketak nazioarteko komunikabideetan izan zuen oihartzuna ezagutarazi gura izan du Bakearen Museoak argitalpen barriagaz.
‘Gernikako bonbardaketa eta bere nazioarteko oihartzuna’ desbardina da kaleratu dituzuen beste lanekin alderatuz gero?
Aurreko lan guztiek ikuspegi militarra dute oinarrian, baina Gernikako bonbardaketa eta bere nazioarteko oihartzuna liburuak ez. Ikuspegi orokorrago batetik landuta dago, bonbardaketak nazioartean izan zuen oihartzuna aitzakia hartuz. Apirilaren 27an gertatu zena baino, bonbardaketaren ondorioak emon gura genituen jakitera.
Liburua, hortaz, beste pauso bat da bonbardaketaren periferian dagoena ezagutarazteko?
Baietz uste dugu. Bonbardaketa egunetik haratago be hainbat kontakizun daude.
Zelan emoten duzue bonbardaketaren nazioarteko ikuspegiaren barri?
Estatu desbardinetako adituen esanak batzen ditu liburuak. Hain zuzen, bonbardaketaren 75. urteurreneko sinposiorako prestatu zituzten testuak dira. Besteak beste, Walther Bernecker (Alemania), Angelo D’Orsi (Italia), Nicholas Rankin (Erresuma Batua), Xabier Irujo (AEB), Olga Novikova (Errusia) eta Jesus Alonso Carballes adituek parte hartu dute liburuan. Santiago de Pablo irakasleak, bestalde, bonbardaketak zinearen historian izan duen oihartzunaz egiten du berba. Horiekin batera, Gernikazarra historia elkarteak eta Aldaba aldizkariak be euren ikuspuntua islatzen dute.
Zenbateko oihartzuna izan zuen Gernika-Lumoko bonbardaketak?
Bonbardaketak oihartzun oso handia izan zuen nazioartean, eta berehala zabaldu zen munduko potentzien artean; milaka albiste kaleratu zituzten komunikabideek. Bonbardaketa gertatu eta denbora gutxira, nazioarteko lau kazetari zeuden berton, horien artean, George Steer. Orokorrean, nazioarteko komunitatearen haserrea piztu zuen Gernika-Lumoko bonbardaketak.
Bonbardaketaren oihartzunak bizirik jarraitzen al du?
Baietz uste dugu; gaur egun be Gernika-Lumoko bonbardaketak zeresana emoten jarraitzen du. Bonbardaketak eztabaidarako aukera asko emon ditu, eta gertakarien memoriak bizirik jarraitu du. Espainiak, esaterako, bere errugabetasuna aldarrikatu du hamarkadetan zehar. Hala, eztabaida elikatu dute, bonbardaketaren oihartzuna zabalduz.
Sinbolo indartsu bat bihurtu da Gernika-Lumoko bonbardaketa?
Gerraren sinboloetako bat da. Gernika-Lumo sinbologiaz beteta egon da euskaldunontzat, baina, bonbardaketaren ondorioz, nazioarteko sinbolo bihurtu da.