Joan den astean Bermeoko Udalarekin batzartu ostean, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak Aita Guria baleontzia Bermeoko ontzioletako karrora igotzeko erabakia hartu du; izan be, Kofradia Zaharreko kaian egiten ari diren lanentzako oztopoa zen baleontzia.
Aita Guria baleontzia karroan
Udalak Portu Zuzendaritzarekin izandako batzarraren premiazko gaia portuko lanak iraun bitartean Aita Guria baleontzia non kokatuko zuten izan zela azaldu du Idurre Bideguren alkateak atzoko udalbatzarrean, «oztopatzen egon baita». Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) batzar horren inguruko zehaztasunak eskatu ondoren emon ditu azalpenok alkateak.
Portu Zuzendaritza aukera desberdinak aztertzen ibili dela zehaztu du Bidegurenek, «baina hori uzteko beste lekurik ez zegoenez karrora igo dute». Horrek halanda be, kostu bat duela gogorarazi du alkateak eta Udalak kostu hori sahiesteko ahalegin guztia egin duela gaineratu du.
Portu Zuzendaritzako sailburuordeak lanok beraienak direla onartu duela azaldu du Bidegurenek, «hortaz beraien kalte baten ondorioz igo behar izan denez, beraiek ordainduko dute».