Otsailaren 14ra arte emon ahalko da izena Telp tailerrean
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak Telp tailerra antolatu du beste behin be. Horretan, euskara erabiltzen dugunean sortzen diren egoeren aurrean eta jasotzen ditugun erantzun desegokien aurrean zelan jokatu ikasi ahalko dute parte hartzaileek.
Azaldu dutenez, Telp tailerra euskeraz egiteko gogoa duten herritar guztiei zuzenduta dago: etxeko langileak, irakasleak, administrazioko langileak, enpresetako langileak, merkatariak, aholkulariak, kirolariak…
Hiru zapatutan
Jakinarazi dutenez hiru zapatutan izango da tailerra: otsailaren 16an, 23an eta martxoaren 2an. 10:00etatik 13:030eara izango da lehenengo bi zapatuetan eta 10:00etatik 13:00etara azken zapatuan. Tailerra Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretoan izango da.
Telp tailerrean parte hartzeko interesa dutenek otsailaren 14ra bitartean emon ahalko dute izena Berh@z bulegoan. 20 euro ordaindu beharko dira. Bermeotarrek edota Bermeon lan egiten dutenek lehentasuna izango dute, eta gehienez, 20 laguneko taldea sortzeko aukera dagoela azaldu dute eta izena emoteko ordena errespetatuko dute.
Aitziber Gabikaetxebarria euskara teknikariak adierazi legez, «Telp tailerrean, modu praktiko batean, euskeraz berba egin gura dugunean askotan sortzen diren egoera deserosoetan hobeto sentitzen erakusteko baliabideak eskainiko dira».
Tailerrean jarrera kontzienteak maila kognitiboan eta komunikatiboan lantzen direla be azaldu dute; zenbait estrategia lantzen eta sentsibillizazioa areagotzen dela, gaineratuta