Egungo zurrunbiloan iraganeko perspektiba galtzeko arriskuaren aurrean, gazte memoria berreskuratzea eta hedatzea». Helburu horri helduta sustatu zuen Topatu gazte proiektu komunikatiboak
Tximeletak, etengabeko metamorfosia egitasmoa, eta Euskal Herriko gazte mugimenduak hiru hamarkada luzetan utzitako arrastoa jasotzen duen dokumentala da berorren azken fruitua. Egungo egoerara heltzeko gazte mugimenduan funtsezkoak izan diren gertaerak biltzen ditu lanak, protagonistei egindako elkarrizketen eta irudi artxibo baten bidez.
Gaur iluntzean Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean proiektatuko dute dokumentala eta, sustatzaileetako bat den heinean, Aitor Martinez (Arratzu, 1985) ariko da proiektuaren nondik norakoen barri emoten. Arratzuarrak azaldu duenez, 2012ko apirilean jarri zuten ideia mahai gainean, balizko edukinak aztertzen eta sasoi ezberdinetako pertsonekin harremanetan jartzen hasiz.
Dokumentalak gazteen artean martxan jarritako eztabaida prozesuan eragin zezakeela ikusita, proiektuaren barri emoten zuen webgunea jarri zuten abian iazko uztailean. «Dokumentalaren edukina azaltzeaz gain, jendea proiektuaren parte egitea» zen helburua, Martinezen arabera. «Materiala lortzeko zailtasunak izan genituen, eta webguneak eta sare sozialek aukera emon digute herrietako materiala eskuratzeko». Hiru hamarkada laburbiltzea izanik helburu, dena den, gaitzena 80ko hamarkadako materiala biltzea izan dela argitu du Martinezek. Hori dela eta, garai hura testigantzen bidez azaltzen du, batik bat, dokumentalak».
Lortutako material guztia hogei elkarrizketarekin osatu dute Tximeletak, etengabeko metamorfosia egitasmoaren sustatzaileek, eta garai bakoitza behar bezala azaltzeko edota dokumentalaren ediziorako laguntzaileak be eduki dituzte Aitor Martinezek, Unai Bergarak, Ander Perezek, Iraitz Salegik, Alaia Martinek eta Arkaitz Artolak. Politika arloko pertsonak, gaztetxeen borrokan aritu direnak, komunikazioaren alorrekoak edota intsumisioaren aldeko dinamiketan parte hartu dutenak elkarrizketatu dituzte, besteak beste.
Eorkizunari so daude gazteak, baina iragana ahaztu barik. «Eraldaketa orok ezin dio sekula iraganari uko egin. Aldaketa bakoitzak dakarren fruitu berria aurretik izandakoaren ondorio da beti, eta aurrekoak utzitakoaren arrastoa daroa. Tximeletak dezente daki horretaz. Bere izatea eraldatuz doan metamorfosiaren urrats bakoitza aurrekoaren segida da beti». Martinezen hitzetan, «gazte mugimendua etengabe joan da aldatzen, egokitzen, batzuetan denboraren poderioz, beste batzuetan behartuta. Eta gaur egun be egokitzen jarraitzen du. Era batera edo bestera, gaur egun martxan dagoen prozesuaren abiapuntua ulerkorragoa egitea izan da helburua». Finean, «tximeletak ez du sekula ahazten beldarra izan zenik».