Milaka pauso, hamaika tontor
Kirolaz gain, afizio bat eta naturarekin bat egiteko modua ere bada askorentzat mendizaletasuna. Gainera, menditsua izanik, mendizaletasunean aritzeko lurralde guztiz aproposa da Euskal Herria. Kirol horrek, halaber, Euskal Herria mapan kokatzen lagundu du, mundu mailako sona lortzera iritsi baitira sarritan euskal mendizaleak. Puntako kirolari horiek albo batera utzita, herritarren artean sakon sustraitutako ohitura da hango eta hemengo bazterrak ibilian-ibilian ezagutzearena.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko mendi talde gehienek gailurren batean eman zioten ongi-etorria 2013. urteari eta, horrenbestez, hasiak dira urteko egutegiarekin. Oraindik, baina, eskaintza zabala dakar batak zein besteak. Gainera, mendi, larre edota basoez gozatzeko hamaika modu dauden bezala, mendi talde bakoitzak bere erara antolatzen du urte osoko agenda. Negu, udaberri, uda zein udazken, botak janzteko eta makila eskuetan hartzeko hamaika aukera emango dute bertoko mendi taldeek be. Horrez gain, badira proiektu handiak aurreikusten dituzten taldeak be.
Arrolape mendi taldeak, kasurako, Urdaibai Koparen antolakuntza dauka aurten esku artean, zenbait helburu betetze aldera; besteak beste, mendi lasterketak sustatzea, mendi lasterketetan emakumeen eta gazteenen parte hartzea bultzatzea, harrobia sortzea, eskualdeko paraje naturalak ezagutaraztea, ondare kulturala eta naturala sustatzea, lasterketak baliatuko dituen basabideak mantentzea, beste proba batzuetatik bereiziko den lasterketa-martxa zirkuitu bat sortzea eta parte hartzea eta konpetitibitatea sustatzea. Bide horretan, indartsu dator Urdaibaiko Kopa.
Gernika-Lumoko Goi-Zalek, Bermeoko Sollube 707k, Mundakako Gazte-Zarrek, Eako Zakilixutek eta Ajangizko Mendietak, hainbat irteeraz gain, dagoeneko errotuta dauden jarduerak egiten jarraituko dute; besteak beste, Urdaibaiko Ibilaldi Luzea, erroten ibilbidea, mendi jardunaldiak, Urdaibairi Itzulia, Ermiten Martxa, Txipiroi extreme BTT lasterketa, Ajangizko mendi martxa…
Gogotsu beharrean
Batak zein besteak, gogor eta gogotsu lan egiten dute mendi taldeek. Federatuen kopurua beheraka badoa ere, orain arteko ibilbidearekin harro daudela diote. «Gure helburua mendizaletasuna bultzatzea da eta, bide horretatik, mendira joateko erraztasuna ematea», adierazi du Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak. Eta adierazpen horrekin bat egiten dute gainerako taldeek be. «Harremanak sustatu, lagunartean ibili eta denaren gainetik kirola eginez ondo pasatzea dira beste helburu batzuk», diote Lekeitioko Lumentzak eta Ondarroako Aurrerak.
Urteetan mendi taldeek eduki duten bilakaeraren balantzea eskatuz gero, alabaina, erantzunak zertxobait aldatzen dira. «Gaur egun jendeak ondo erantzuten die antolatzen ditugun irteerei. Urte batzuetan beherakada eman zen, baina orain, barriro be, parte hartzea goraka doa», dio Burumendik. Lumentzakoen esanetan, ostera, zaletasuna gutxitu egin da. «Mendizaletasunari dagokionez, belaunaldi aldaketa amaitu egin da. Lehengo giroa ez dago orain, tamalez; baina, era berean, ulertzekoa da. Orain herritarrak euren kabuz ere errazago joan daitezke mendira».
Iritziak iritzi, talde batean edo bestean bazkide egiteko aukerak hortxe darrai. «Urte guztian eskaintzen dugu bazkide egiteko aukera, abuztuan ez ezik».
Bide horretan, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko mendi taldeek euren jardunarekin jarraituko dute, jarduerak antolatzen eta gailurrak ikutzen.
Mendizaletasuna bultzatze aldera, bada, mendi taldeek bazkideak egiten eta herritarrei irteeretan parte hartzeko gonbidapenak egiten jarraituko dute. «Ateak zabalik ditugu», diote.