Lehenengo itzuliko partida Faduran
Bizkaia Gernikak Ohorezko Mailako lidergoa berreskuratzeko aukera izango du, asteburuan. Hain zuzen, Amlin Challenge txapelketaren harira atzeratutako partidetako bat jokatu beharko dute basurdeek, bihar. Lidergora bueltatzeko, halanda be, Getxo Artea hartu beharko dute menpean gernikarrek. 16:30etik aurrera neurtuko dituzte indarrak, Urbietako zelaian.
Joan den asteburuan VRAC liderrak ustekabean galdu ostean, lehenengo postuan jartzeko aukera izango dute basurdeek. Izan be, bi partida gutxiago jokatu arren, Bizkaia Gernikak bi puntura du liderra.
Azkenaldiko nagusitasuna erakutsiz gero, basurdeek ez lukete arazo handirik izan beharko, garaipena Urbietan geratzeko. Getxo Artea bederatzigarren sailkatua da, eta bertoko taldeak baino 32 puntu gutxiago ditu sailkapenean. Joaneko partida be, 14-34 irabazi zuten bertokoek.
Gernika-Lumoko taldea, halanda be, ezin da fidatu. Getxoztarrak sasoiko egon ez arren, gernikarrei irabazteko gaitasuna dutela erakutsi dute. Iaz, esaterako, ligako bi partidak irabazi zituen Getxo Arteak.