Bermeoko Udaleko Euskara Sailak martxan ipini du beste behin be, bertso paper lehiaketa. Aurtengoa txapelketa antolatzen duten bederatzigarren urtea da. Bertsoak astelehenean hasi eta martxoaren 8ra bitartean aurkeztu ahalko dira.
Iazko bertso paper txapelketako irabazleak
Hamaika eta hamazortzi urte bitartean dituzten gazteak aurkez daitezke aipatu txapelketara. Baldintza bakarra Bermeon bizitzea edo Bermeoko ikaslea izatea dela azaldu dute. Adinaren arabera, bi maila bereiziko dituzte: Lehenengo mailan, hamaika eta hamalau urte bitarteko gazteak izango dira, eta bigarrenean, barriz, hamabost eta hamazortzi urte bitartekoak.
Gaia eta neurria, libreak
Lehenengo mailako gazteek hiru bertso aurkeztu beharko dituzte; bigarrenekoek, aldiz, gutxienez lau, eta gehienez sei.
Aurrekoetan egin moduan bertsoaren gaia eta neurriak libreak izango dira. Bertso paperak ezizenez sinatuta aurkeztu beharko dira eta adina adierazita ipintzea eskatzen dute antolatzaileek. Horiek ikastetxeetan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. Ondoren, ikastetxeek Udalaren Euskara Sailean zerrenda batean aurkeztu beharko ditu egileen ezizenak eta izen-abizenak gutun-azal itxi batean.
Bertso paperak astelehenetik aurrera aurkez daitezke, martxoaren 8ra arte.
Epaile lanetan jardungo diren bertsolariek bertsoaren kalitatea, estiloa, gaia garatzeko modua eta originaltasuna izango dituzte kontuan. Sari banaketa ekitaldia noiz izango den oraindik zehaztu gabe dago baina Nestor Basterretxea Aretoan egingo dute ekitaldia. Irabazleek, gainera, ekitaldi horretan beraien bertsoak botatzeko aukera be izango dute. Gainera, aurrekoetan legez, bertso irabazleak Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuan be argitaratuko dituzte.
Maila bakoitzeko bi bertsorik onenak sarituko dituzte. Lehenengo mailako irabazle biek bertsogintzarako materiala jasoko dute. Bigarren mailako irabazleak, barriz, udarako bertso egonaldi bat jasoko du eta bigarren sailkatuak bertsogintzarako materiala jasoko du. Halanda be, parte hartzaile guztiek sari bana jasoko dutela adierazi dute.