Demikuko mendi martxarako izena emon daiteke jada
Otsailaren 10ean izango den VI. Demikuko mendi martxara joateko asmoa duten horiek dagoeneko badute izena emoteko aukera. Antolatzaileek, gainera, azkeneko momentura arte ez uzteko eskatzen dute.
Bi ibilbide egongo dira luzea, 25 kilometrokoa eta laburra 12 kilometrokoa. Luzean helduek bakarrik parte hartu ahalko dute laburrean, barriz, nagusiez gain, umeek be parte hartzeko aukera dute. Parte hartzaile guztiak Demikuko baseliza aurretik aterako dira. Ibilbide luzea egingo dutenek 08:30ean eta besteak, barriz, 10:00etan.
Plazak mugatuak dira. Ibilbide luzean 300 lagunek parte har dezakete, eta laburrean, barriz 100 lagun inguruk. Nahiz eta mendi martxaren egunean bertan izena emon daitekeen, antolatzaileek aurretiaz izena emotea eskatzen dute, «gerta litekeelako egun horretan lekurik ez izatea».
Izena emoteko demikumartxa@hotmail.com helbide elektronikora bidali beharko du parte hartu nahi duenak mezu bat «izen abizenak, herria, probintzia, NAN zenbakia, gizona ala emakumea den zehaztuta, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta ibilbide luzea edo laburra egingo den ipinita».
Horrez gain, kontu korronte batean dirua sartu beharko dute parte hartu gura dutenek, hain zuzen, Euskadiko Kutxako 3035-0034-09-0341027300 kontu korrontean. Mendi martxara doazenek kutxako ordainagiria eroan beharko dute parte hartzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, kontrol mahaia Demikuko baselizan jarriko dute. Horrez gain, jaima bat jarriko dute parte-hartzaileek arropak edota motxilak edo bestelakoak utzi nahi izanez gero, horretarako lekua izan dezaten.
Demikura autoz ez igoteko eskaera egiten dute antolatzaileek. Bermeotik Demikura kilometro eta erdiko distantzia dagoela gogorarazten dute, beraz, oinez joan daitekeela diote.
Amaitzerakoan dutxatzeko aukera dagoela diote, Artza frontoian, hain zuzen be.
Nagusiek 10 euro ordaindu beharko dituzte, umeek, aldiz, 5 euro.