Orueta auzoan saneamendu sarea eraikiko du Ingurumen Sailak
Bizkaiko Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluan Gautegiz Arteagako Orueta auzoko saneamenduaren obrak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gautegiz-Arteagako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena onetsi du. Izan be, Aldundiak Bizkaiko Lurralde Historiko osoko saneamendu sareak berritu gura ditu, eta baita ur partzuergo bakar baterako urrats sendoak egiten jarraitu be.
Hain zuzen be, «uretako ekosistemen egoera hobetzea» da bere helburua, «2015. urtean ibai, laku, hezegune, urtegi, lurrazpiko ur eta kostaldeko uren egoera ekologiko ona lortu arte».
Urdaibairen padura inguruan dago Orueta auzoa, Gautegiz Arteagan eta, jakinarazi dutenez, gaur egun auzo horrek ez dauka saneamendu sarerik; gune oso berezia omen da paduratik oso gertu dagoelako. «Inguruko eraikinetako bizilagunek etxeko isurketak biltzeko putzu septikoak dituzte», azaldu dute.
Gauzak horrela, Orueta auzoan saneamendu sarea eraikiko du Ingurumen Sailak. 316.192 euroko aurrekontua izango du lanen lehenengo faseak; bertan, Urdaibai Bird Centerren isurketak bilduko dituzte, «eraikin publikoa izanda, ziurrenik bertara bisitari ugari joango direla kontuan hartuta».
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin sinatutako 2008-2015 hitzarmenaren bitartez, 30 milioi euroko balioa duten saneamendu-azpiegiturak egikarituko dituzte, hainbat eskualdetan –horien artean, Busturialdean edo Lea-Artibain–, «saneamendua apurka burutzeko xedez».