Ezkereran Santa Anako azken aparkalekua; eskubian Urbieta
Gernika-Lumoko Udalak oinezkoentzako pasabide bat egin gura du Santa Anako aparkalekua eta Urbietako kirol azpiegiturak batzeko. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, ingeniaritza enpresa bati agindu dio azterlana egitea, eta hilabete barru izango dute emaitzaren barri. Emaitza jasotakoan erabakiko du udalak zein den pasabidea egiteko modurik egokiena.
Oraindik azterlanaren barri izan ez arren, bi aukera daudela azaldu udalak. Alde batetik, lurrazpiko pasabide bat egokia izango litzateken aztertzen dabiltza ingeniariak. Bigarren aukera, bestalde, zubi bat egitea izango litzateke. Datu guztiak jasotakoan, aukera erabilgarriena eta seguruena aukeratuko du udalak. Pasabidea egindakoan kirol azpiegitura erabiltzen duten pertsonak ezin izango dute kotxez joan Urbietara. Idigako aparkalekutik aurrera, larrialdi zerbitzuak eta baimendutako ibilgailuak bakarrik pasatu ahal izango dira.