Datuen arabera, turismoa igo egin da Mendatan 2012an
Geroz eta jende gehiagok bisitatzen du Mendata; hala adierazten dute, behintzat, turismo-datuek. Horien arabera, bisitarien %10 gehiago hartu du Mendatako truismo-bulegoak 2012. urtean, 2011 eta 2010 urteekin alderatuz. Bestalde, 2011n izandako bisitari kopuru bikoitza igaro da BTT zentrotik 2012an.
Jakitera emon dituzten datuen arabera, 2012ko abuztuan eta irailean izan ditu bisitari gehien Mendatak. Hain zuzen be, urte guztian zehar 1.617 herritarrek bisitatu dute herriko turismo-bulegoa, 2011n 1.467 lagunek bisitatu zuten bitartean. Mendatan kokatuta dagoen Busturialdeko BTT Zentroan, ostera, 1.002 erabiltzaile izan dira; alegia, 2011n baino 524 bisitari baino gehiago.
Bisitarien jatorriari dagokionez, bestalde, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako barne-turismoa nabarmenduta agertu da turismo-bulegoak bildutako datuetan. Horiei erreparatuz, ikus daiteke 978 lagun izan direla, hain zuzen be, probintzi horietatik Mendatako turismo-bulegora hurreratu direnak; horietatik %66 Bizkaitik.
Eskualdeko hainbat lagun
Handik eta hemendik etorritako jendea hartu du Mendatak 2012an, aurreko urteen antzera; hurbilekoak eta urrunekoak. Baina urrun joan barik, Busturialdetik bertatik be hainbat izan dira Mendatako turismo-bulegora gerturatu direnak; guztira, 129.
Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Arabakoak, bestalde, BTT zentroan be izan dira: guztira, 591; horietatik 339 bizkaitarrak eta 73 Busturialdekoak.
Espainiako leku ezberdinetako bizilagun be izan dira Mendatan; katalanak, esaterako, 138 lagun turismo-bulegoan eta 87 BTT Zentroan. Nazioarte mailakoen artean, frantziarrak nagusitu dira: 81 izan dira turismo-bulegoan eta 52 BTT Zentroan.