
Artea esplorazioa dela uste du Rober Garai marrazkilari gernikarrak, berak ez diola inoiz esploratzeari utzi azalduz. ArteBrutto Naturalis eta PetroHuecos proiektuen barruan, naturan egindako artelanak sortzen ditu. Halanda be, artelan horiek zuzenean ikusi ahal izatea “ia ezinezkoa” da; izan be, lan egiteko duen moduagatik, minutu batzuetan edo ordu eskas batzuetan egindakoak desagertu egiten dira. “Egindakoa ozta-ozta dokumentatzen dut”, dio. Beraz, Garai marrazkilariak egindako lanak argazkietan baino ez dira agertzen, “naturak bere bidea egiten duelako eta nik egindakoa desegin egiten duelako”.
Pena emoten ez badion galdetuta, LandArt-a ikusteko duen modua dela erantzun du: “Prozesu ultraefimeroak atsegin ditut. Ikatzarekin horma bat margozten izan naiz, egiten ari nintzena euriak desagertarazten zuen bitartean; edota kostan harri lauzak egiten ibili, itsasgorak trazuak desegiten zituen bitartean”.
Proiektuok “berezko joera baten ondorioz” sortu zirela azaldu du Garaik. “Naturarekiko harremana betidanik izan dut erreferente. Motxilan eroaten nituen SketchBooks-etan marraztu edo idatzi izan dut beti; orduan, inguratzen ninduen esparru fisikoan zuzenean esku hartzea garapenaren hurrengo urratsa zen”.
Elementu begetalak eta mineralak esku hartuko duen paisaietan dagoeneko egon egoten direla aipatu du. “Ondoren, aukeraketa bat egiten dut, egingo dudanaren araberakoa”. Pigmentuen kasuan, barriz, landare-ikatza eta klarionak bakarrik erabiltzen ditu.
Bi euskarri atsegin ditu

Batez be, bi euskarritan lan egiten du Garaik. ArteBrutto Naturalis proiektua euskarri begetalean garatzen du. “Zuhaitz-formak hartzen dituzten egitura begetalak dira; zenbaitetan, gainera, landaredia bizidunarekin osatzen dut lana, lekuan bertan sustraitutakoak”. Bestalde, euskarri harritsuan be egiten du lan. PetroHuecos proiektuan harriak eta lekuak konbinatzen ditu, baina haitzetan tratamendu grafikoak be egiten ditu. “Disolbagarriak diren materialak erabilita marrazten dut haitzetan”.
Esan moduan, Garaik egindako lan horiek zuzenean ikustea “ia ezinezkoa” da, baina Interneten, Picasa webgunean, bi proiektuei dagozkien argazki galeriak ikus daitezke, marrazkilariak berak sartzen dituen argazkiei esker. Sollubeko basoak dira Garaik egiten dituen artelanen lekuko. “Ziriborroak egiteko bertara joaten naiz. Amaitu gabeko saiakerak egiten ditut bertan, oharrak hartzeko koaderno bat modukoa da niretzat”.
Artelan horiek dauden lekuetara inoiz norbaitekin joan izan dela dio, “baina egindakoari ukituak emoteko ordu batzuk arinago joan behar naiz, naturak denbora gutxian aldatu egiten du-eta”. Adibidez, baso batean Homo-Lianas izenarekin egiten ari den lana basurde batzuek eraitsita aurkitu du orain dela gutxi. Beste batean, buru itxura zuen egitura begetal batean iratze ostotsuak be hazi zirela azaldu du. Garairen esanetan, “zenbaitetan, naturak duen berezko joera horrek artelana hobetzen du”.
Ezaugarrien arabera

Pieza bakoitza egiteko erabiltzen duen denbora “inguruaren ezaugarrien eta baldintzen” araberakoa dela zehaztu du artistak. “Beti ez dut nahi beste denbora artelana egiteko, ordubete izan daiteke, edo hamabost. Euri zaparradei, gauari edo itsasgorei aurre egin behar izan diet”.
Dena irudimena dela dio, LandArt-a bere ohiko marrazkilari eta ilustratzaile lanaren kontrapuntua dela aipatuz. “Estudioan, sortze-espazioa mugagabea da irudimen aldetik, baina eremu fisikoa, barriz, mugatua da”, azaldu du. Hori dela eta, materiarekin zuzeneko harreman bat bilatzen saiatzen da. “Ingurune basatietan erabat bertakotzen saiatzen naiz. Espazio handietako bizilaguntzat daukat neure burua”.
Momentu honetan giza itxurako proiektu bati forma emoten ari dela jakinarazi du. Egiten ari dena martxoan edo apirilean Busturiko Madariaga Dorretxean erakusteko da, hain zuzen be. Bestalde, paisaian integratuta egingo duen hurrengo lana Urdaibaiko padura ondoko baso txiki batean izango dela aurreratu du gernikarrak.
Proiektu horien bitartez harreman barriak egiteko aukera izan duela dio Garaik, baita ate barriak irekitzeko be. Zentzuen unibertso magikoa miatzen hasi zenean “errespetu osoarekin” egin zuela zehaztu du artistak. “Ordu gutxitan nik egindako lana naturak desagerraraziko zuen segurtasuna nuen. Orduan, saiakerak egiten hasi nintzen. Finean, material eta euskarri barriak erabilita istorioak kontatzea da nire asmoa”.