
1991ko Munduko Txapelketa. Frontoia jendez gainezka dago
Pilota harriaren kontra jotzen entzutea ederra da zesta-punta zaleentzat, baina Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia berezia da: “Berba egiten duen pilotaleku bakarra da”. Gonzalo Beaskoetxea Euskal Jai Alai zesta-punta eskolako arduradunak azaldu duenez, «Jai Alairen horma guztiak eta lurzorua harrizkoak dira». Hala, frontoiak soinu bereizgarri bat dauka, bakarra. Aurten 50 urte beteko ditu Jai Alaik.
Eraiki zuten lehen unetik jakin zuen jendeak obra garrantzitsu bat izango zela. Secundino Zuazo arkitekto bilbotarrak xehetasun guztiak zaindu zituen, munduko pilotalekurik hoberena egiteko asmoagaz. Beaskoetxeak azaldu duenez, Gernika-Lumoko frontoia erreferente bat da zesta-puntaren munduan. Frontoia ezagutzen duten zaleek eta kantxan egon diren puntistek berezia dela diote.
Jai Alai eraikitzea, halanda be, ez zen batere erraza izan. 1962an, frontoia eraiki zutenean, zutaberik ez erabiltzea oso berritzailea zen. Hala, frontoi barruko balkoia airean geratu zen, eskegita bezala. Gonzalo Beaskoetxeak nabarmendu duenez, gaur egun be oso zaila izango litzateke frontoia eraikitzea. Haren berbetan, “bertan egon diren zenbait arkitektok ezingo luketela eraiki aitortu didate”. Beaskoetxearen ustez, Zuazok lan bikaina egin zuen, guztia edarto pentsatuz. Lurzorua be lurretik metro bateko altuerara dago, umeltasunak kantxa kaltetu ez dezan. Harrizko lauzen azpitik haizea pasatzen da etengabe, ura sikatuz.

Kalejira frontoiaren maketa herrian erakusteko
Ederra izateaz gain, zesta-puntan jokatzeko be pilotaleku aproposena da Gernika-Lumokoa. Harrizko kantxa “ikaragarria” da, eta neurriak perfektuak dira. Puntistei be ikaragarri gustatzen zaie, eta bertan jokatzeko irrikitan egoten dira. “Frontoira heltzean egiten duten lehen gauza kantxara irtetzea da”, dio Beaskoetxeak.
Gernika-Lumoko Jai Alain arrakasta lortzen duen puntista lasai egon daiteke, zesta-punta eskolako arduradunaren berbetan. Dioenez, “hemen ondo jokatzen duenak munduko edozein pilotalekutan joka dezake ondo”. Izan be, gabeziak eta bertuteak bistaratzen ditu Jai Alaik.
Zesta-puntak garai zailak bizi ditu, baina Gernika-Lumoko pilotalekuak bizirik jarraituko du. Eusko Jaurlaritzak ondare kultural izendatu du eta, horrenbestez, babestu beharreko azpiegitura bat da. “Pilotaleku edarra da, eta pribilegio bat da egunero bertan egon ahal izatea”, dio Beaskoetxeak.
Garai zaharrak hobeak
Denboran atzera eginda, garai zaharrak hobeak zirela deritzo eskolako arduradunak. 60ko hamarkadan, esaterako, ikaragarria zen Gernika-Lumon gertatzen zena. Astean bederatzi funtzio antolatzen zituzten, eta Jai Alai beti betetzen zen. Askotan frontoiaren edukiera gainditzen zuten.

Puntistak Jai Alairen inaugurazioan
Garai onak 80ko hamarkadaren amaiera arte iraun zuen. 1.989an, AEBetan jokatzen zuten puntistek greba bat hasi zuten, eta zesta-punta iluntasunean murgildu zen. Bidezko eskaerak izan arren, enpresetako arduradunek ez zituzten onartu, eta bi urte inguruz luzatu zen greba. Euskal Herriko eskolak diruz laguntzeari utzi zioten AEBetako enpresek, eta zesta-puntak beherakada nabarmena izan zuen.
1.991n bueltatu ziren puntistak Gernika-Lumora. Munduko Txapelketa jokatu zen orduan, eta pilotalekua jendez gainezka egon zen. Urte on batzuk izan zituen frontoiak, baina 2.000 urtean hondoa jo zuen.
Gaur egun, bestalde, egoera apur bat hobetu da Jai Alairentzat. Kiniela amerikarrei esker, pilotalekua barriz bihurtu da zesta-punta zaleen ikurra. “Zaletasun handia dago, baina neurriak hartu behar dira ganorazko txapelketak eskaintzeko”, dio Beaskoetxeak.
Urteurrena ospatzeko
Frontoiarentzat data berezia dela eta, Gernika-Lumoko zesta-punta taldeak hainbat proiektu jarri ditu martxan urteurrena ospatzeko. Kirol eta kultura ekitaldiak antolatzea espero dute, baina jarduerarik garrantzitsuena kongresu bat izango da. Beaskoetxeak argitu duenez, zesta-puntaren munduak batzen dituen eragile guztiak elkartu gura dituzte, etorkizunaz eztabaidatzeko. Izan be, munduko kirolik azkarrena suspertzeko garaia heldu dela deritzo.

Lehen funtzioetan parte hartu uzten puntistak
Kongresu horretan, egindako akatsak identifikatuko dituzte, eta etorkizunean hartu beharreko bidea zehaztuko dute. Eskolako arduradunaren ustez, zesta-punta galzoritik ateratzeko aukera dago, baina, horretarako, eragile guztiek batera egin behar dute arraunean. “Zaletasun handia dago, baina antolatu egin behar gara”.
Zaleei kalitatezko txapelketak eskeini behar zaizkiela deritzo puntista ohi gernikarrak. “Zaleek munduko pilotari hoberenak ikusi gura dituzte alkarren kontra jokatzen, baina, gure artean eztabaidan hasiz gero, ez dago zer eginik”. Hala, Gernika-Lumoko kongresuan irtenbidea aurkitzen saiatuko dira. Zesta-punta be modernitatean sartu behar dela deritzo Beaskoetxeak eta, horretarako, egutegi finko bat zehaztu behar dela dio.
Zaletasuna bizirik dagoela eta, baikorrak dira bertoko taldeko arduradunak. Diotenez, txarto egindakoaz ikasi dute, eta zesta-puntaren urrezko bigarren aroari hasiera emon gura diote.
Kongresuaz gain, bestalde, beste jarduera batzuk be jarri dituzte martxan. Alde batetik, txapelketa handi bat antolatu gura dute, munduko zortzi puntista hoberenekin. Oraindik ez dago zarratuta, baina burubelarri dabiltza lanean. Bestetik, Munduko Txapelketaren finalaurreko bat Gernika-Lumon jokatzeko aukera dagoela esan du Beaskoetxeak. “Ohore bat izango litzateke Gernika-Lumok finalaurreko bat hartzea, partida guztiak frontoi bardinean jokatzen baitira normalean”.
Azkenik, taldeak batutako material guztiagaz erakusketa bat egitea aurreikusi dute. Erakusketagaz Jai Alairen ibilbide historikoa ezagutaraziko dute.
-
-
70. eta 80. hamarkadetan puntista asko batzen zituen eskolak
-
-
Puntista gazteak azalpenak entzuten
-
-
2012ko kiniela amerikar txapelketan parte hartu zuten puntista guztiak
-
-
Lehen harria jarri zuteneko ekitaldia