
Hamalu sukaldarik parte hartzen dute, tartean Jabier Gartzi gernikarrak (bigarrena eskubitik)
Bizkaia atzerrian sustatzeko asmoagaz, foru aldundia herrialdeko gastronomiari buruzko dokumental bat grabatzen dabil, hamalau sukaldariren laguntzagaz. Tripa beterik lagun gehiago egiten direla iritzita, Bizkaiko saltsarik bereziena erabili du aldundiak bertoko kultura atzerrian zabaltzeko: saltsa bizkaitarra. Jabier Gartzia Boroa Jatetxeko sukaldari gernikarra be dokumentalean agertzen da. Haren berbetan, “izenak islatzen duen bezala, saltsa bizkaitarra gure-gurea da” eta, hortaz, tresna ezinhobea da atzerritarrek Bizkaia ezagutu dezaten. Hala, Bizkaiko saltsa gorri famatuenaren enbaxadore bihurtu da sukaldari gernikarra. Aldundiak aurkezpen egunean azaldu zuenez, “bisitariak erakartzeko aukera oso ona da Bizkaierara dokumentala”.
Gartziak nabarmendu duenez, dokumentalaren helburu nagusia Bizkaia eta Bizkaiko gastronomia atzerrian ezagutaraztea da. Hala, dokumentala grabatutakoan, nazioarteko zenbait jaialditan aurkeztuko dute lana. Hain zuzen, Amsterdamen (Herbereeak), Getxon, Tenerifen (Kanariar Uharteak), Oaxacan (Mexiko), Donostiako Zinemaldian, Bartzelonan (Herrialde Katalanak), Madrilen (Espainia), Berlinen (Alemania), New Yorken (AEB), Chicagon (AEB) eta Otawan (Kanada) aurkeztuko dute dokumentala, besteak beste.
Gernika-Lumoko sukaldariaren ustez, Bizkaiko gastronomia, eta, batez be, saltsa bizkaitarra, enbaxadore bikainak izango dira atzerrian. Dioenez, “gure produktu famatuenetako bat da saltsa gorria, eta bertoko lehengaiekin egiten da”. Hala, saltsa bizkaitarra mahai gainean jartzea atzerrian lagunak egiteko modu paregabea dela deritzo.
Gartzia “pozarren” azaldu da Bizkaia atzerrian sustatzeko aukera izango duelako. Esan duenez, “pribilegiatu bat” da, esperientzia edar hori bizitzeko aukera duelako.
Dokumentalean parte hartzen duen sukaldariak Muruetan grabatu zuen bere zatia. Jakinarazi duenez, Bizkaiko leku esanguratsuak aukeratu behar zituzten sukaldariek grabaketa egiteko, eta Urdaibaiko itsasadarra aukeratu zuen Gartziak. Itsadarraren ondoan, saltsa bizkaitarraz, Bizkaiko gastronomiaz, slow food kulturaz eta bertoko produktuen kalitateaz egiten du berba, besteak beste.
Grabaketa esperientzia barri bat izan zen bertoko sukaldariarentzat, baina ez zen lar eroso sentitu. “Sukalde gizona” izanik, “su artean hobeto moldatzen” dela dio, barre artean.
Saltsaren berezitasunak

Sukaldariak Foru Jauregian
Saltsa bizkaitarra XIX. mendearen amaieran sortu zuten, Hego Amerikatik ekarritako piperrak Euskal Herrian errotu ostean. Gartziak azaldu duenez, duela 200 urte inguru ekarri zituzten piperrak, saltsa goxo hori egiteko bidea zabalduz. Saltsa nahiko barria izan arren, bizkaitarren artean oso ezaguna da, eta lurraldeko gastronomiaren zutabeetako bat bihurtu dela nabarmendu du sukaldariak.
Saltsa gorriaren berezitasun nagusia prestatzeko erraza dela da. Gartziak dioenez, “kipula, piper txorizeroa eta denbora baino ez dira behar, baina emaitza ikaragarria da”. Lehengai sinpleak erabilita be, ahoan gertatzen den zapore eztanda oso gustagarria dela deritzo Boroa Jatetxeko sukaldariak.
Produktu prestatua lehenengoz dastatzen duten pertsonei asko gustatzen zaiela dio Gartziak. Haren berbetan, zapore goxoko saltsa da, eta okelagaz zein arrainagaz geratzen da ondo. Azken xehetasun horrek harritzen ditu gehien atzerritarrak. Izan be, ez dute ulertzen nolatan jan daitekeen arrainagaz edo okelagaz. Zentzu horretan, saltsa bizkaitarra berezia dela deritzo sukaldari gernikarrak.
Saltsa gorriaren arrakastaren beste gakoetako bat lehengaien kalitatea da. Azkenaldian, bertoko sukaldariek slow food kulturarekin bat egin dute, Bizkaiko gastronomiaren produktuak hobetuz. Gartziak nabarmendu duenez, “etxe ondoan ditugu goi mailako kalitatea duten lehengaiak, eta baserritik sukaldera heltzen dira berehala”.
Sukaldari gernikarrak azaldu duenez, Bizkaia ahanzturan egon da euskal gastronomiaren barruan, baina azken urteetan aldatu egin da joera. Gartziaren ustez, slow food kulturagaz bat egiteak eta sukaldarien arteko harremanak hobetzeak on egin dio Bizkaiko gastronomiari.
Bidaiak atzerrira
Bizkaierara dokumentala Bizkaia atzerrian sustatzeko beste pauso bat izango da, baina bertoko sukaldariak duela bi urte inguru hasi ziren lurraldeko gastronomia esportatzen. Hain zuzen, hainbat bidaia egin dituzte atzerrira, Bizkaiko gastronomia mundu osotik zabalduz. Besteak beste, Erresuma Batuan, Brasilen, Alemanian, Italian, AEBetan, Kolonbian, Txilen eta Txinan egon dira sukaldari bizkaitarrak.
Gartziak azaldu duenez, atzerrira bidaiatzea “esperientzia oso aberasgarria” izan da eurentzat, atzerriko gastronomia ezagutzeko aukera izan baitute. Hala, foru aldundiak ekimenagaz jarraitzea espero du.
Jose Angel Iturbe aditua
Gartzia ez da Busturialdeko biztanle bakarra izango Bizkaierara dokumentalean. Hain zuzen, Jose Angel Iturbe gernikarrak be parte hartuko du lan horretan, aditu bezala. Iturbek saltsa bizkaitarrari buruz argitaratu den liburu bakarra idatzi du, eta bere bizipenak kontatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren dokumentalean.