
Idoia Gabantxo Rekalde (Bermeo, 1984) diseinatzailea eta artisaua da. GabRek enpresa gidatzen du, eta material birziklatuak erabilita, arropak, apaingarriak eta bestelakoak egiten ditu. Horrez gain, hainbat dira Gabantxok ematen dituen tailerrak. Umeei zuzenduta, batetik, jostailuak egiteko tailerrak emoten ditu; nagusiei zuzenduta, barriz, kustomizazio tailerrak. Guztietan material birziklatuak erabiltzen dituzte.
Material birziklatuak erabilita jostailuak edo apaingarriak egiteko tailerrak egiten dituzu. Krisi garaian egonda, jende gehiago animatzen da birziklatutako materialak erabiltzera?
Ez, gauzek bardin jarraitzen dute. Ematen ditudan tailerren helburua beti da norberaren beharrizanak asetzea; hau da, dagoeneko erabili dituzun materialak berrerabilita, behar duzun hori zeure erara egitea. Jendeak, halanda be, ez dauka birziklatzeko ohiturarik, oraindik ez dira ohartzen bakoitzaren beharrizanak betetzeko jada erabiltzen ez duzun beste zerbait aprobetxa dezakezula. Adibidez, bezeroek aitite-amumanak ziren narruzko jakak ekarten dizkidate konpontzeko. Nik, barriz, patroi barria egiten diet, eta jaka hori erabilita beste modelo bateko jaka egiten diet. Horiek kasu zehatzak dira, baina, egia esan, ez dira birziklapenaz jabetzen.
Birziklatzen irakatsi behar da, beraz?
Ohiturak aldatu behar dira. Ingurumen aberatsaz inguratuta gaude, eta zaindu egin behar dugu. Zabor bilketako datuetan ikus daiteke birzikla daitekeen kopuru handi bat oraindik ez dela birziklatzen.
Etorkizunean gehiago birziklatuko dela uste duzu?
Bai, uste dut baietz. Beste leku batzuetan, Bartzelonan, bat aipatzekotan, landuago dago birziklapenaren gaia; kultura alternatiboa dute. Nik hemen jostailuekin edo jantziekin egiten dudana sakonago lantzen dute han. Hau da, objektuei beste erabilera bat emon dakiekela barneratuago daukate.
Umeek zelan hartzen dute material birziklatuagaz jostailuak egitearena?
Ondo, eta ni oso pozik nago. Gainera, umeek jostailu birziklatuak egiterako orduan zein nagusiek birziklatu eta kustomizatu tailerrean, bakoitzak bere identitatea ateratzen du. Umeek, adibidez, beraien jostailua sortzen dute, ondoren eurak egindakoarekin jolastu ahal izateko. Sormena lantzeko modu ona da eta, era berean, atsegin emoilea, bai neuretzako eta baita eurentzako be.
Eurengandik ikasteko balio dizu?
Bai, apur bat bai. Beraien ikuspuntua nondik nora doan ikasten dut kasu bakoitzarekin. Guk, helduok, materialak manipulatzerako orduan erraztasun gehiago daukagu umeek baino. Beraz, gitxi-gitxika ikasten dut umeek zelan manipulatu ditzaketen materialak edota beste modu batera egitea posible den.
Zeintzuk jostailu egiten dituzue?
Momentu honetan kamioiak egiten ari gara tetrabrik ontziak erabiliz eta plater hegalariak edo OHEak (objektu hegalari ezezagunak). Lehenago itsulapikoak egin izan ditugu, animalien betaurrekoak jogurt potoekin, larrosak arrautzen kaxekin, xaboi-burbuilak egiteko tresnak alanbrea eta adarrak erabilita…
Horiek guztiak egiteko zeintzuk dira gehien erabiltzen dituzuen materialak?
Material guztiak birziklatuak dira, egunerokotasunean erabiltzen diren arrautza kaxak, tetrabrik ontziak, jogurt potoak… eta baita material organikoa be; ostoak edo adarrak, besteren artean.
Zein adin tarteko umeei zuzenduta daude tailerrak?
Bost eta hamabi urte bitarteko umeei zuzenduta dago jostailuak egiteko tailerra, eta apaingarriak egiteko tailerra 15 urtetik gorakoei, horretan josketa be lantzen delako.
Ideiak zureak dira?
Tailerrak emon aurretik didaktika bat prestatzen dut. Hortaz, lehenik eta behin, nik neuk esperimentatzen dut guztia, eta umeek hori eskertzen dute, beraien sormena errazten delako. Izan be, eurentzat errazagoa da erreferente bat izatea. Batzuetan, barriz, nik egin dudanaren modukoa egin gura dutela gertatzen da, baina bardin-bardina egitea ia ezinezkoa da.
Birziklatu eta kustomizatu tailerrean, bestalde, apaingarriak egiten dituzue.
Bai, baina nagusiagoei begira zuzenduta dagoenez, norberaren beharrizanak asetzen saiatzen gara, nahiz eta nik aurretiaz didaktika bat prestatu dudan. Ikasleei ezin diet inposatu apaingarri bat nik gura dudan moduan egitea. Hortaz, bakoitzak behar duenaren arabera eta tailerrera ekartzen duen materialaren arabera egiten du egitekoa. Nik be materiala eroaten dut, baina bakoitzak bere sormena lantzen du.
Apaingarriak egiteko zeintzuk dira erabiltzen dituzuen materialak?
Edozer, bakoitzaren arabera. Jaka zahar batetik, adibidez, botoiak eta kremailerak ateratzen ditugu; baita poltsikoak be, adibidez, garrikoak egiteko. Ikastaro horietan astiro joaten gara, askoz be pertsonalagoak direlako. Hainbat herritan emon izan dut birziklatu eta kustomizatu ikastaroa.
Etorkizunean tailerren akademia bat ipintzea duzu buruan?
Bai, hori baita daukadan helburua, baina gaur egun gauzak dauden moduan, nahiko zaila da autonomoa izatea eta enpresa bat aurrera ateratzea. Hortaz, momentu honetan ezin naiteke arriskatu akademia bat ipintzera, ez dakidalako zelan joan daitekeen.
Herriz herri eta azokaz azoka be ibiltzen zara.
Bai, baina azoketan ibiltzearena ez da soilik salmentak gehitzeko. Artisauen lan egiteko era erakusteko modua be bada; izan be, nire produktuek ikuskapen batzuk burutu dituzte eta, horiei esker, Euskal Herriko artisautza modura saldu ditzaket.
Ikuskapenak burutu behar dira, beraz.
Bai, hori ondo datorkigu artisauoi eta mundu honetan lan egiten dugunoi. Gaur egun intrusismo handia dago, eta jendeak asko manipulatzen ditu produktuak. Azoketan ipintzen ditudan erakusmahaietan nik egindako produktuak izan behar dira ezinbestean.
Zelan iritsi zara lanerako material birziklatua erabiltzeko ohiturara?
Igurumenarekiko eta animalienganako kontzientzia izan dut betidanik. Zazpi urtetan begetarianoa be izan naiz, eta mendian bizi izan naiz. Bizimodu primitiboa eduki dut eta, egia esan, modu horretan gauzak askoz be gehiago baloratzen dira. Bizimodu primitibo hori nik neuk gura izan dudalako eduki dut, eta ez ekonomikoki gaitasunik ez neukalako. Inoiz ez dut nire printzipioen aurka egin. Zenbait enpresatan lan egin dut, baina horietan lan egiteak pertsonalki ez zidan betetzen. Enpresek atzerrian ekoizten dute gaur egun eta nik berton egindako produktuak bultzatzen ditut, hainbat garelako bertoko ekoizleak.
Iazko Lur Barriak saria zuretzako izan zen. Pozik?
Saria irabazi nuen, baina ez naiz irabazle sentitzen. Txapelketara aurkeztu ginen guztiok zein gazte ekintzaile guztiok merezi dugun saria da. Guztiok merezi dugu babesa eta laguntza.