Antzinako biztanleen eta gaur egungo euskal herritarren artean jarraipen genetikoa dago. Hala dio, behintzat, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Biomics taldeak egindako DNA azterketak.
Santimamiñeko koban berreskuratutako giza gorpuzkietako DNAagaz alderatzeko, Busturialdeko biztanleen DNA mitokondriala batu dute, eta, bilketa horretarako, Kortezubin, Gautegiz Arteagan, Ereñon eta Nabarnizen izan dira.
DNA mitokondriala amarengandik seme-alabetara transmititzen dena da; hortaz, amaldeko leinua da. Proiektuaren zuzendari den Marian Martinez de Pancorbok azaldu duenez, «Santimamiñen berreskuratutako giza gorpuzkiak arkeologikoak direnez, horien DNA oso degradatuta dago; horregatik, eta gaur egungo teknikez baliatuz, DNA mitokondriala ikertzea da posible». Hori dela eta, ikerketarako amaldeko leinuak soilik izan dituzte aztergai.
Azt

erketa abiatu aurretik, Santimamiñeko koban berreskuratutako giza gorpuzkietatik lortutako amaldeko leinua gaur egungo Busturialdeko bizilagunen DNAn mantentzen den argitu gura zuten genetistek. Ikerketa hasi orduko, hipotesi bat zuten: aipatu gizakien artean jarraipen genetikoa zegoela uste zuten. Baina hori egiaztatzen zuen frogarik ez zegoela eta, horren bila hasi ziren. Horretarako, Busturialdeko 158 amaldeko leinu batu eta Santimamiñetik berreskuratutako 7 giza gorpuzkietako DNAgaz alderatu zituzten. Busturialdeko herritarrak ez zituzten edonola aukeratu. Izan be, zenbait belaunalditako arbasoak eskualdean bizi izana eta amaren aldeko abizenak, behintzat, euskaldunak izatea kontuan izan dituzte, herritarrak ondo aukeratzeko berme gisa.
Parekotasun handiak
Behin ikerketa bukatuta, kobakoen eta gaur egungo Busturialdekoen leinuen artean parekotasun handiak aurkitu dituzte. «Ez dira berdin-berdinak, baina hori normala da, belaunaldi asko pasatu dira eta», azaldu du Martinez de Pancorbok.
Azterketen emaitzei erreparatuz, xehetasun bat nabarmendu du Martinez de Pancorbok: «Santimamiñeko leinuen artean gailentzen direnak Busturialdekoen artean be nabarmentzen dira, eta gauza bera, alderantziz».

Leinu horiek denboraren poderioz, transmititzen joan direla argi utzi dute genetistek, eta, horregatik uste dute jarraipen genetikoa emon dela.
DNA azterketak erakutsi du, bestalde, bai antzinako eta baita gaur egungo biztanleen artean, laktosarekiko tolerantzia handia existitu izan ohi dela.
Genetistek aurkeztutako emaitza horiek «guztiz fidagarriak» direla baieztatu du Martinez de Pancorbok.