Aurraitz omenduko dute Ajangizen, hilaren 30ean
Balendin Aurre Apraiz Aurraitz olerkaria omenduko du sortzen ikusi zuen herriak datorren domekan. Duela mende bat –1912ko azaroaren 3an– jaio zen Aurraitz Ajangizko Mendieta-Agerre baserrian, eta 2007ko apirilaren 7an hil zen, euskal kulturari ekarpen handia egin ondoren.
12:00etan hasiko da …
Balendin Aurre Apraiz Aurraitz olerkaria omenduko du sortzen ikusi zuen herriak datorren domekan. Duela mende bat –1912ko azaroaren 3an– jaio zen Aurraitz Ajangizko Mendieta-Agerre baserrian, eta 2007ko apirilaren 7an hil zen, euskal kulturari ekarpen handia egin ondoren.
12:00etan hasiko da haren omenez eta udalaren babesagaz kultur taldeak antolatutako ekitaldia. Olerkariaren objektu pertsonalak, argazkiak… ikusgai egongo dira kultur etxean eta, bestetik, Aurraitzen obraren inguruko ikus-entzunezko bat proiektatuko dute. Horrez gain, Mendieta-Agerre baserriko semearen lana ekarriko dute gogora, txistu eta txalaparta soinuen artean olerkiak irakurriz. Aurreskuagaz, Agur jaunak abestuz eta luntxagaz emango dute omenaldia amaitutzat.
«Merezitako gogoragarria»
Kultur Taldeak azaldu duenez, «ondo merezitako gogoragarria eskaini nahi dio Ajangizko herriak bere olerkaria den Balendin Aurre Apraiz Aurraitzi, Egunen bidean ederlanaren ekarpena egin digulako».
Ekin astekarian lan egindakoa da Aurraitz, gerra aurretik; bertan, bere sorterriko albisteak jorratzen zituen. Gerra garaian, bestalde, gudari izan zen. Bertan zegoela –Artxanda defendatzen–, 1937ko ekainean zauritu egin zuten. Zaurietatik sendatzen ari zela, Basurtuko ospitalean atxilotu zuten faxistek zauritu eta egun batzuetara. Olerkiak idatziz egiten zion aurre kartzelako egun latz haiei, barrua husten baitzuen hala, behintzat. Hiru urteko sufrimendua eta gero, 1940an askatu zuten. Kartzelatik irtendakoan, baserriko lanari ekin zion; halanda be, irakurtzen eta idazten jarraitzen zuen.
Azkenean, hainbat olerki idatzi zituen Ajangizko bizilagun izandakoak. Gainera, ez ziren horiek guztiak kaxoi batean gordeta geratu; izan be, Euzkadin, Euzko Gogoan eta beste hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere olerkiak. 50eko hamarkadan, gainera, Olerti eta Karmel aldizkarietara be hurreratu zen. 1958an Venezuelara joan zen, eta 1964an itzuli zen Euskal Herrira. Urte horietan Errimiña poema sorta eta Ekaitza poema idatzi zituen. Horiez gain, Rabindranath Tagoreren Txitra eta Txori galduak euskaratu zituen. Olerkaria bazen be, prosan ere hainbat lan egin zituen orduko hartan.