Josu Bergara: “Niretzat naturala kalean eta lagunekin kantatzea da”
Oroitzapenei buruz berba egiten duten kantuak dakartza Josu Bergara kantautore eatarrak Katiuska gorriak hirugarren diskoan. Hainbat kolaborazio izan ditu Bergarak bere lan barri horretan, eta emaitzagaz “pozik” da.
Katiuska gorriak izenburupean kalean duzu zure hirugarren lana. Emaitzagaz pozik al zaude?…
Oroitzapenei buruz berba egiten duten kantuak dakartza Josu Bergara kantautore eatarrak Katiuska gorriak hirugarren diskoan. Hainbat kolaborazio izan ditu Bergarak bere lan barri horretan, eta emaitzagaz “pozik” da.
Katiuska gorriak izenburupean kalean duzu zure hirugarren lana. Emaitzagaz pozik al zaude?
Poz-pozik nago. Maiatza aldera estudiora sartu nintzen; bertan, nire kanta txikitxoak asko handitu dira. Grabaketan hogei musikarik baino gehiagok parte hartu dute, eta disko borobila geratu zaigula pentsatzen dugu: estilo ezberdinetako kantuak, poesian oinarritutako letrak, entzuteko erraza eta musikalki aberatsa.
Aurreko diskoekin alderatuta, zertan bereizten da hirugarrena?
Nire lehen diskoa, Karramarroen hiria, 2006an grabatu genuen, eta oinarrian gitarra akustikoa eta nire ahotsa besterik ez zituen. Bigarren diskoa, Nora zoaz delakoa, Mutrikuko AME estudioetan Axular Arizmendi musikariaz batera egin nuen 2009 urtean, eta pop-rock ukitu handia dauka. Azken disko honetan, The Playful Ensemble laukotearen laguntza izan dogu eta bibolinen, biolaren edota biolontxeloaren goxotasunak edarto igartzen dira. Gainera, David Sanchez eta Ibon Larruzea teknikariekin batera soinu landua eta heldua lortu dogu.
Zein musika estilo entzuteko aukera izango du entzuleak disko barri horretan?
Katiuska gorriak disko barrian hamaika kantu topatuko ditu entzuleak eta, egia esan, kantautorea edo bakarlaria naizen arren, diskoetan estilo ezberdinak jorratzea gustukoa dut; gainera, musikari askoren parte hartzeari esker estilo asko jorratu ditugu. Ameriketako songwriterren estiloa nagusi da, bertoko folk kutsu berezia galdu barik, baita pop-rock, habanerak, reggae edo latin-jazz ikutuak igarriz.
Diskoak garatzeko orduan, izango duzu erreferente baten bat, ezta?
Azkenaldian Damien Rice, Glen Hansard, Herman Dune edo Ray Lamontagne moduko bakarlarien musika entzuten nabil. Seguraski, euren musikak disko honen eraikitze prozesuan eragin zuzena izan du. Era berean, Euskal Herriko artista askoren musika atsegin dut; esaterako, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Xabier Lete eta antzekoak edota Txuma Murugarren, Mikel Errazkin, Mikel Markez, Petti eta Anari-ren diskoak.
Zertan oinarritzen dira zure kantuak? Lan barrian be, oinarri bera izan al dute?
Lan barri honetan kantuak oroitzapenei buruz berba egiten dute. Horregatik diskoaren Katiuska gorriak izenburua. Katiuskak txikitako oroitzapenen metafora dira, eta nire kantuek gai ezberdinak jorratzen dituzte, baina beti poesian oinarritzen dira, eta kutsu melankolikoa dute: itsasoa, Ea, lagunak, gizartea, ezinegona, bizitzaren korapiloak, maitasuna, politika, heriotza, zoriona; betibe, nire ikuspegi pertsonaletik. Bitxikeri lez, aititeri zuzendutako Aitxitxen bufandie kantua sartu dut. Athletic eta futbolzaletasunari buruz, ostera, eta Gabriel Arestiri omenalditxoa egiteko, bere poemetan oinarritutako Inoiz abestia landu dugu.
Kolaborazio bereziak be izan dituzu.
Apnea kantuan Napoka Iria taldeko Miren Narbaizak eta Ander Mujikak parte hartu dute. Bestetik, Una paraula abestian, lagun dudan Pau Alabajos HerrialdeKatalanetako kantautore ospetsuak parte hartu du. Horrez gain, Dr. Maha´s Miracle Tonic taldeko David eta Nerea egunero laguntzeko prest izan ditugu, eta Jon Landeta gitarra jolea neugaz kanta asko konposatzen ibili da. Ahotsei dagokienez, Iratxe Mugire kantautoreak koroak jorratu ditu, Ane Martinez Pentatonix Folk taldeko abeslariak Urduri kantuan kantatzen du, eta IEko Mikele Landak Inoiz kantuan neugaz batera abestu du.
Musika eta poesiaren olatu erraldoi bihurtzen omen dira kontzertuak.
Kontzertuetan bi formatu eskaintzen ditugu; batetik, Jon Landeta gitarra joleagaz batera gure errepertorioa akustikoan jotzen dugu; bestetik, hari laukoteagaz lagunduta antzoki, areto eta kultur etxeetarako formatu handiko kontzertuak prestatzen ari gara. Olatuak bezala, kantuak badatoz eta badoaz, baina gure kontzertuetan dana emoten dugu, jendearengana heltzeko asmoz.
Kontzertuez gabiltza, baten bat zehaztuta al duzu?
Abenduaren 15ean 13:30ean, Bilboko Residence Cafe tabernan kontzertu akustikoa eskainiko dugu; urtarrilaren 31an, Gasteizko Gora tabernan, eta otsailaren 15ean, Zumarragako Motz tabernan. Horiek dira, momentuz, itxita dauden kontzertuen datak; halanda be, udaberrirako kontzertu handiagoak egiteko asmoa dugu. Dagoeneko, Bartzelonan eta Valentzian kontzertuak eskaintzeko deitu naute. Gainera, baliteke uda partean Ameriketako Estatu Batuetara joateko aukera be izatea.
Eskualdean ikusiko al zaitugu?
Urtero lez, ekainaren amaieran, Eako San Juan jaietan kontzertua emotea espero dut. Azken bost urteetan hala egin dugu; niretzat oso egun berezia izaten da, familiaren, lagunen eta herritarren aurrean nire musika aurkezteko aukera izaten dut eta.
Eako jendearekin kanta bat grabatu duzu. Nolakoa izan da esperientzia?
Aitaren laguntzaz, etxean kantatzen zuten antzinako kanta musikatu dugu: Pitxuen kanta herrikoia. Gure herriko nagusiek kantatzen zuten; halakoetan gertatzen den lez, etxe guztietan ez da bertsio bera kantatzen; horregatik, moldaketa bat egin behar izan dugu. Uda aurretik herriko jendeagaz koro bat prestatu genuen eta 2012ko uztailean kantua zuzenean grabatu genuen Ean bertan, Beletxe molla bidean dagoen marineruen etxearen azpian. Bideoa be egin dugu, ea gabonetarako Youtubera igotzerik dugun.
Kontzertuekin jarraituz, zuzenekoa ala estudioko lana nahiago?
Niretzat naturala kalean eta lagunekin kantatzea da. Gitarra hartu eta zuzenean kantatzea, mikrofono barik. Egia da, kontzertu asko emon ostean –hamar urte emon ditut eszenatokietan–, mikroari ohitu egin naizela, eta ondorioz, kontzertuak emotea zein estudioan grabatzea errazagoa bihurtu da. Baina, aukeran, zuzeneko kontzertuak nahiago, dudarik barik.
Taupaka elkartean be parte hartzen duzu. Kontaiguzu zertan datzan zuon proiektua eta elkarte horren izaera.
Taupaka elkartean Euskal Herriko hainbat sortzaile batu gara: musikariak, argazkilariak, antzerki taldeak, ipuin kontalariak eta beste asko. Gurea betiko ikuspegi merkantilista hutsetik aldentzen den elkartea da. ‘Zenbat saldu, zenbat diru irabazi eta horrenbesteko arrakasta’ eskemarekin apurtu gura dugu. Horrek ez du esan nahi, gure sormen lana ahalik eta gehien zabaltzen dugulako gauzak modu profesional eta duinean egitera uko egiten dugunik; kontrara, gure helburu nagusia sortzaileak zuzenean sormen lanak kudeatzea eta horietatik irabaztea da; bitartekaririk gabe. Kultura askea eta herritarra defendatzen dugu.