Caballero eta Arejita: “Gatiburen diskorik bereziena eta hoberena da Zazpi kantoietan”
Mikel Caballero (Basauri, 1966) eta Haimar Arejita (Gernika-Lumo, 1976) Gatibu talde gernikarraren kideak dira. Duela gutxi Zazpi kantoietan diskoa kaleratu du Gatibuk, eta nabarmendu dutenez, orain arte egin duten “diskorik onena” da. Hala, pozarren azaldu dira azken emaitzagaz, soinu ikaragarria lortu baitute, Iñigo Etxebarrieta soinu teknikariaren laguntzagaz. Diskoa barritasunekin dator, baina zaleek be gustuko dutela deritzote baxu-joleak eta gitarra-joleak. Durangoko Azokan, esaterako, diskorik salduena izan zen gernikarrena. Alex Sardui eta Gaizka Salazar taldekideekin batera Euskal Herriko plazetan abesti barriak aurkezteko gogotsu daude orain. Duela gutxi kaleratu duzue ‘Zazpi kantoietan’ bosgarren diskoa. Pozik emaitzagaz? Haimar Arejita: Pozik gaude emaitzagaz. Kalitate handiko soinua lortu dugu estudioan, eta abestiak oso ondo geratu direla deritzogu. Taldearen diskorik hoberena da, hirugarrenagaz batera. Laugarren diskoan antzeko soinua zuten hiru kanta daude, eta hortik hasi ginen hariari tiraka. Mikel Caballero: Nire ustez be diskorik hoberena da. Desbardina da, eta asko gustatzen zait. Burukomin asko emon ditu disko barriak? Arejita: Grabazio estudioan sartzea beti da burukomin bat. Ondo egin gura duzu, eta gauza asko dauzkazu buruan bueltaka. Musikariok abesti perfektuak egin gura ditugu, eta detaile guztiak kontuan hartzea ez da erraza izaten batzuetan. Halanda be, asko gozatzen dugu; ez pentsatu sufritzen ibiltzen garenik [barreak]. Apur bat estresagarria izaten [...]
Mikel Caballero (Basauri, 1966) eta Haimar Arejita (Gernika-Lumo, 1976) Gatibu talde gernikarraren kideak dira. Duela gutxi Zazpi kantoietan diskoa kaleratu du Gatibuk, eta nabarmendu dutenez, orain arte egin duten “diskorik onena” da. Hala, pozarren azaldu dira azken emaitzagaz, soinu ikaragarria lortu baitute, Iñigo Etxebarrieta soinu teknikariaren laguntzagaz. Diskoa barritasunekin dator, baina zaleek be gustuko dutela deritzote baxu-joleak eta gitarra-joleak. Durangoko Azokan, esaterako, diskorik salduena izan zen gernikarrena. Alex Sardui eta Gaizka Salazar taldekideekin batera Euskal Herriko plazetan abesti barriak aurkezteko gogotsu daude orain.
Duela gutxi kaleratu duzue ‘Zazpi kantoietan’ bosgarren diskoa. Pozik emaitzagaz?
Haimar Arejita: Pozik gaude emaitzagaz. Kalitate handiko soinua lortu dugu estudioan, eta abestiak oso ondo geratu direla deritzogu. Taldearen diskorik hoberena da, hirugarrenagaz batera. Laugarren diskoan antzeko soinua zuten hiru kanta daude, eta hortik hasi ginen hariari tiraka.
Mikel Caballero: Nire ustez be diskorik hoberena da. Desbardina da, eta asko gustatzen zait.
Burukomin asko emon ditu disko barriak?
Arejita: Grabazio estudioan sartzea beti da burukomin bat. Ondo egin gura duzu, eta gauza asko dauzkazu buruan bueltaka. Musikariok abesti perfektuak egin gura ditugu, eta detaile guztiak kontuan hartzea ez da erraza izaten batzuetan. Halanda be, asko gozatzen dugu; ez pentsatu sufritzen ibiltzen garenik [barreak]. Apur bat estresagarria izaten da bakarrik.
Zelako abestiak dira disko barrian agertzen direnak?
Caballero: Alexek rock & dance izenagaz bataiatu zuen, disko barrian musika funky gehiago baitago. Halanda be, guztiaren oinarrian rock musika dago. Rock erritmo dantzagarriak eta erritmo baxuagoko abesti pare bat daude.
Eta zer kontatzen dute letrek?
Arejita: Danetarik dago; gizarte gaiak eta amodioa eta sexualitatea, besteak beste. Hartu berriz gitarrie kantua, adibidez, hondoa jo duen gitarra-jole bati buruzkoa da. Pauso bat atzerago, bestalde, popatik hartzen bidaltzen dituzun pertsona horietaz egiten dugu berba. Egunerokotasunean aurki daitezkeen egoerak abiapuntutzat hartuta idazten dugu.
Zer nabarmenduko zenukete disko barritik?
Caballero: Nire ustez, erritmo funkyak dira barritasun nagusia. Beti egin ditugu abesti nahiko dantzagarriak, baina disko barriagaz funkyaren munduan sakondu dugu.
Arejita: Lehen dance ukitu bat zuten abestiek, baina funkyarena barria izan da Gatiburentzat. Gustuko dugun musika da, baina ez dugu orain arte landu.
Hortaz, gustuko dituzue erritmo dantzagarriak?
Arejita: Rocka oinarritzat hartuta, musika dantzagarria egitea gustatzen zaigu. Mugitzeko gogoa pizten duen musika egiteko joera izan dugu beti. Alex, esaterako, Mick Jagger baino gehiago mugitzen da.
Zazpi abesti ditu diskoak. Duela zenbait urte abesti gutxi direla esango lukete zaleek. Zuek zer deritzozue?
Arejita: Abesti kopuruagaz ez zoratzea erabaki genuen. Zazpi abesti atera zitzaizkigun, eta disko bat kaleratzeko moduan geundela erabaki genuen. Disko laburra da, baina ez du aspertzeko denborarik emoten.
Caballero: Diskoari arreta gehiago jartzen zitzaion lehen. Musika kontsumitzeko modu bakarra zen, baina gaur egun Interneten eros dezakezu diskoaren abesti bat, eta beste seiak baztertu. Aukera asko daude musika lortzeko. Normalean, gainera, musika zaleek ez dute diskoa osorik entzuten. Horren ordez, abesti batzuk aukeratzen dituzte, leku batetik bestera salto eginez.
Diskoa merkeagoa al da zazpi abesti izateagatik?
Arejita: Apur bat merkeagoa da. Durangon, esaterako, hamabost eurotan saltzen zituzten disko barriak, baina gureak hamabi euro balio zituen.
Gatibu be krisiaren kontra dago, orduan?
Arejita: Bai, erabat kontra. Guri be zuzenean eragiten digu krisiak, baina diskoa apur bat merkeago saltzeak lagun gaitzake. Guretzat mesedegarria izan daiteke, eta zaleek be eskertu egingo dute, hiru euroko aldea baino ez izan arren. Diskoak zortzi-hamar eurotan saltzea bidezkoena izango litzateke, baina gaur egun ezinezkoa da. Gastu asko dira, eta etekin gutxi emoten ditu diskoak.
Durangoko Azokan zer moduz saldu da diskoa?
Arejita: Aurtengo diskorik salduena dela esan dute komunikabideetan. Ez ditugu zenbatu, baina etengabe ibili gara diskoak sinatzen. Taldearen disko guztiak kontuan hartuz gero, azkenengoak izan ditu salmenta hoberenak azokan. Lehenengo diskoa be oso ondo saldu zen bere garaian, baina barriak gainditu egin du. Lehenengo diskoagaz 20.000 ale saldu genituen, baina marka gainditu dezakegu barriagaz.
Zaleen gustuko izaten jarraitzen duzue, hortaz.
Arejita: Jendeari gure musika gustatzen zaiola emoten du. Diskoa entzun duten guztiek asmatu egin dugula diote. Pozarren sentitzen gara, zaleek gure musika gustuko dutela sentitzen baitugu.
Zein da gakoa jendearen ahotan jarraitzeko hainbeste urteren ostean?
Caballero: Musikaren aldetik, Aimarren eta Alexen nahasketa gakoetako bat da. Oso ondo konpontzen dira, eta abesti edarrak egiten dituzte. Gero, Alex dago [barreak].
Arejita: Gure arrakastaren gakoa abestiak dira. Musika nahiko sinplea jotzen dugu, baina oso ondo egiten dute bat musika tresnek. Hala, zuzenekoetarako kantu oso aproposak dira, eta jendearengana heltzea lortzen dugu. Alexek, bestalde, asko emoten du zuzenekoetan. Kontzertuetan ondo pasatu gura dute zaleek, eta Alexek oso ondo transmititzen du dibertitzeko gogoa.
Aldaketa aldia al dago lehenengo diskoekin alderatuz gero?
Arejita: Soinua hasieran baino garbiagoa da. Distortsio gutxiago erabiltzen dugu, jotzeko beste era bat baitugu. Distortsio gutxiagogaz jotzen ikasi dugu, eta soinu aldetik erabaki ona izan da, kalitatean irabazi baitugu. Soinuaren kalitate aldetik, behintzat, aurrerapauso handia emon dugula esan genezake.
Taldearen urteetako ibilbidean zehar musikari bezala hazi zaretela sentitu duzue?
Arejita: Bai, nahikoa hobetu dugu. Lehenengo diskotik azkenengo diskora salto handia dago. Entseguetan, esaterako, soinu askoz hobea lortzen dugu gaur egun. Urte asko dira elkarrekin, eta asko ikasi dugu batak bestearengandik. Musika tresna guztiek askoz hobeto egiten dute bat orain.
Zer moduz lehenengo aurkezpen kontzertua Durangon?
Arejita: Zaleak pozik geratu zirela zirudien eta, horrenbestez, gu be pozarren gaude. Berba onak baino ez genituen jaso, eta aurrera jarraitzeko indarra hartu genuen.
Hurrengo pausoa diskoa aurkezten jarraitzea da?
Arejita: Bai, lau aurkezpen kontzertu egingo ditugu: hilaren 29an Bilboko Santana aretoan, urtarrilaren 5ean Elizondon, urtarrilaren 11n Bermeoko Kafe Antzokian eta urtarrilaren 12an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Horren ostean, uda garaian Euskal Herrian zehar jotzen ibiltzea espero dugu.
Abesti barriak ondo moldatzen dira zuzenekora?
Arejita: Goiz da esateko, baina baietz uste dugu. Abesti dantzagarriekin, esaterako, ez da problemarik egongo. Singlea, behintzat, oso egokia da zuzenean jotzeko, eta hala ikusi genuen Durangon. Erritmo baxuagoa duten abestiekin gertatzen dena, bestalde, datozen kontzertuetan ikusiko dugu. Abesti barrietan sinesten dugu, eta ondo egokituko direla uste dugu.
Caballero: Abesti geldoak be asko gustatu zaizkie zaleei eta, beraz, lekua izan dezakete taldearen zuzenekoan. Ikusi egin beharko da.
Zergatik gustatzen zaizue hainbeste musikaren mundua?
Arejita: Abestiek zerbait trasmititzea da helburua, ondo pasatzeko aitzakia emonez. Krisi garai latz hauetan jendeak bizimodu alaiago bat izan dezan lagundu gura dugu. Mundura ez gintuzten ekarri negar egiteko, eta umorea galduz gero, akabo!