
Asko hitz egin da azken hilabeteetan haur lapurtuen auziaz. Galdutako edo desagertutako haurrak, legez kanpoko adopzioak… Lea-Artibain eta Busturialdean be salatu dituzte kasuak, SOS Haur Lapurtuak elkarteak baieztatu duenez. Carlos Cubero auzitegi mediku gernikarraren arabera, denok egin behar dugu kasuok argitzeko ahalegina.
Ustez haur lapurtuen auziagaz lotutako zenbait hilkutxa irekitzeko unean izan zara.
Zehazki, Bizkaian lurpetik atera diren hilkutxa bietatik bat ateratzeko unean izan nintzen, baina Bizkaian eta Gipuzkoan beste bost hilkutxa zabaldu dira eta, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko (AMEE) zuzendari naizen heinean, horietan parte hartu duten talde forentseek une oro emon didate ikerketa forentse guztien barri; baita laborategiko azterketen eta emaitzen barri be.
Eta zeintzuk izan dira emaitzak?
Nik irekitako hilkutxan hezur-aztarnak aurkitu genituen, eta DNA azterketa positiboa izan zen; hau da, aurkitutako hezur-azternak lurperatutako haurrarenak ziren.
Kasu horretan hezur-aztarnak zeuden, baina, kontrakoa gertatzen denerako, ba al dago hilkutxa hutsik lurperatu izana baztertzeko balio duen beste azalpen zientifikorik?
Hilkutxa panteoi batean edo horma-hobi batean egoteak zeresan handia dauka horretan. Apurka-apurka narriatu dezaketen kanpoko eraginetatik isolatuta egonez gero, hezurrak ez dauka zertan desagertu. Bereziki, gehien hondatzen diren hezur-aztarnak lurragaz kontaktu zuzena daukatenak dira, batez be, lur hori ingurune oso heze batean dagoenean eta; batez be, lur horrek PH oso azidoa daukanean. Dena den, muturreko kasuetan eta denbora tarte luzeetan salbu, ia ezinezkoa da hezur-aztarnak guztiz desagertzea; zatitu egin daitezke, pikorrak sortu, kristalizatu eta, esan bezala, muturreko kasuetan, birrindu edo hauts bihurtu. Baina guztiz desagertu inoiz ez; bereziki, hortz-germenak. Hori ez da inoiz desagertzen.
Francisco Etxeberria auzi medikuak gezurtatu egin du frankismo garaian eta ondoren haurrik lapurtu zela. Datuetan oinarritu omen da horretarako; hala ere, adierazi du balitekeela adopzioetan irregulartasunen bat egotea. Zer deritzozu?
Oraintsuko historiak frankismoko haurrez hitz egiten du, presa errepublikarrei edo familia errepublikarrei lapurtzen zitzaizkien haurrez; baita bahitutako guraso errepublikarren seme-alaben aberriratzeez be. Bistan denez, hori guztia egiteko estaldura emoten zuen legeak; aberriratutako eta utzitako umeen inskripzioaren inguruko 1941eko abenduaren 4ko legea, kasurako. Europako Batzordeko parlamentu-asanbladak diktadura frankista gaitzesteko adierazpena emon zuen 2006ko martxoaren 17an eta erreferentzia egiten die «frankismoko haur galduei», frankismoaren biktima zuzen legez aitortuz. Legez kanpoko adpzioa baino, argi eta garbi ebasketa edo lapurreta zen; hori bai, erregimenaren babes legal osoagaz. 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako legez kanpoko adopzioetan, amaren baimena eduki arren, zenbait kasutan derrigortutakoak izan zirela uste da, horregatik esan ohi da irregularrak direla.
Erraza al zen modu irregularrean jokatzea ospitale eta kliniketan?
Ezberdindu egin behar ditugu adopzio irregularrak deitutakoak eta haurren lapurreta edo ebasketak. Adopzio irregularrak, esan bezala, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan jazo ziren, eta ama biologikoaren baimena egon bazegoen. Baimen hori modu librean edo, neurri batean, derrigortuta emandakoa izan zen da zalantzan jartzen dena. Izan be, aintzat hartu behar dugu zenbait haurdunaldiren kasuan garai hartan zegoen presio sozial eta familiarra. Gisa horretako adopzioak arautzen zituen lege bat be existitzen zen, 7/1970 legea, kasu. Lege horretan «abandonatutako umea» kontzeptua sartzen zen. Arduratzekoa dena zirkunstantzia jakin batzuk zirela eta, edo, esan bezala, umea ematea bortxapean erabakitzen zuen ama biologikoak jasan zezakeen trauma da. Nire ikuspututik, egoera horrek gogorra behar zuen izan; oso gogorra. Honen guztiaren gakoak ama horrek semea edo alaba adopzioan emotea modu librean erabakitzen zuen jakitean datza.
Beraz, zenbaitzuek dioten legez, konjurazio bat egon zen?
Bere garaian adopzioa antolatzeaz arduratzen ziren bitartekari batzuk zeudela esaten da, baina nik, egia esan, ez dakit.
Zein da Euskal Herrian jarraitzen den prozesua kasu horietan? Ba al dago protokolo bereziren bat?
Bai, badago kasu horietan jarduteko protokolo bat. Lehenbizi haur jaio barri baten ebasketa egon dela dioen salaketa bat egon behar da. Familiak aurkeztutako alegazioetan (salaketa) eta aurkeztutako dokumentazioan oinarrituz Ministerio fiskalak edo dagokion auzitegiak sinesgarria dela iritziz gero, prozedura bat abiatzen da; hau da, ikerketa bat. Ikerketa horretan Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak parte hartzen du, talde mediku forentseen jardueragaz dokumentazioaren azterketan (jaio barriaren historia klinikoa, haurdunaldiari buruzkoak, erditzearenak…) eta ondoren lurpetik ateratzeko unean. Hezur aztarnak egonez gero, DNA azterketa egiten da. Hezurretik DNA katea ateraz gero, familiaren DNAgaz erkatzen da. Garrantzitsuena erakundeen babesa eta indarrean dagoen legedia ezartzerakoan epaileek eta Ministerio Fiskalak irizpideak bateratzea da.
Haur lapurtuen auziaren inguruan psikosia sortu dela diote batzuek. Zer iritzi daukazu?
Hasiera batean nolabaiteko nahastea egon zen, eta horrek alarmismo egoera bat sortu zuen, presio mediatiko gogorragaz batera. Orain, aldiz, egoera hori ez dela existitzen uste dut, edo txikiagoa da. Hori positiboa da zenbaitetan, ikerketa lan hobea egin ahal izateko.
Posible al da horrelakorik gaur egun gertatzea?
Ez. Kultura sozio-familiarra ezberdina da, eta adopzioetarako antolaketa sistemak eta kontrolak ez daukate zerikusirik garai hartan zegoenagaz; ezta gaur egungo legediak be.
Uste duzu egunen batean haur lapurtuen kasuak argitu ahal izango direla?
Oso gaitza da kasu guztiak argitzea, eta horietako batzuk argitzea ezinezkoa izango dela esatera ausartuko naiz. Baina, gutxienez, denok egin behar dugu ahalegin hori.