
Duela zenbait urte Eako herritar talde bat errekan gora ibilalditxo bat egitera joan zenean, ia ahaztutako harribitxi bategaz egin zuen topo erreka hegalean. Aurreko belaunaldietatik entzunda, bertan zegoela jakin bazekiten, baina, ordura arte, ahanzturan galduta egon zen. Egindako okerraz jabeturik, egoerari buelta emotea erabaki zuten, eta gaur egun harribitxiari forma emoten dabiltza Herrijeri Emon Arnasa (HEA) taldeko kideak. Hala, XVIII. mendeko Urtubiaga burdinolak jadanik leku bat dauka herriko ondarearen artean.
Urtubiaga burdinola 1725. urtean eraiki zuten, Cathalina del Puerto Uribe Adam de Yarzaren eta Juan de Aranziviaren aginduz. Mikel Zelaia HEAko kidearen esanetan, gainera, “baliteke” Juan Bernardo Villarreal de Berrizek eraikuntzan parte hartu izana. Izan be, bikotearen laguna izateaz gain, 1729an Eako Martin de Larizolaetaren oinordekotzaren ardura zeraman. Gainera, Urtubiaga Villarreal de Berrizek asmatutako arkudun presen bidez egina zegoen. Hortaz, Eako burdinola «oso berritzailea» izan zen bere garaian.
Gaur egun, halanda be, egoera bestelakoa da. HEAkoek lan handia egin arren, izan zenaren itzala baino ez da eraikina. Hala, itzala ilunpean gal ez dadin, argia egiten jarraitu gura dute.
Urtubiaga ilunpetik atera ostean, bada, Eako herritarrek zonaldea garbitzeari ekin zioten, auzolanaren bitartez. Zelaiaren berbetan, burdinolaren ingurua “sasiz eta zuhaixkaz” beteta zegoen, eta eraikin guztia bistaratzeko lan handia egin behar izan zuten. “Kuriositateagatik hasi ginen zonaldea garbitzen, baina, apurka-apurka, esku artean harribitxi bat geneukala ikusi genuen”, dio. Hain zuzen, hasierako dokumentazio lana egin ostean jabetu ziren horretaz.
HEAko kideak dioenez, “auzolanari esker” lortu dute burdinola herriko historiaren parte izatea. Horren ustez, historia berreraikitzen dabiltzala sentitzen dute herritarrek auzolanaren bitartez, eta “inplikazio maila handia” lortzen da. Dioenez, herritarrak inplikatzea “oso aberasgarria” da, Urtubiaga barriro ilunpean eta sasi artean gera ez dadin.

Gauzak horrela, HEAkoek dokumentazio lanagaz jarraitzeko asmoa erakutsi dute, harribitxia “ezagutzera emoteko”. Zelaiaren ustez, Urtubiagako burdinolaren historia ezagutzera emonez gero, herritarrek eraikina babesteko aukera izango lukete, diru laguntzak lortzeko aukera hobea izanez. Diru laguntza horien bidez, mantenu lanak egingo lirateke, eraikinaren bi horma erortzeko arriskuan baitaude dagoeneko. “Helburu nagusia eraikin guztia behera ez erortzea da”, dio Zelaiak.
Arkeologoen bisita eraikinera
Eako herritarrez gain, arkeologoek be XVIII. mendeko burdinola ezagutzeko aukera izan dute. Bizkaiko Foru Aldundiak emondako diru laguntza bati esker, arkeologo talde bat Urtubiagako burdinola ikertzen ibili da udan zehar. Unai Aurrekoetxearen ardurapean, indusketak egin dituzte lehenengo biderrez. Zelaiak azaldu duenez, arkeologoen behin betiko txostenak informazio asko emongo die, baina dagoeneko zenbait datu interesgarriren barri izan dute. Zelaiak dioenez, arkeologoei asko gustatu zaie burdinola. Aurkikuntza batek bereziki “zirrara handia” sortu du Unai Aurrekoetxearen taldean: arkeologoen ustez, 1725. urteko burdinola eraiki aurretik beste burdinola bat zegoen leku horretan.
HEAko kideak be iritzi berekoak dira. Zelaiak jakinarazi duenez, 1579ko dokumentu batek arkeologoek esandakoa baieztatzen du. Dokumentu horretan 1556ko beste agiri bat aipatzen da, eta agiri horrek zera dio: bi herritarren arteko auzi bat dela eta, Eako errota, burdinola eta uraren eskubideak Amorotoko errota baten seirenagatik trukatu zituztela.

Datu horretatik ondoriozta daiteke 1556an Urtubiagako burdinola zaharra guztiz hondatuta zegoela. Izan be, Eako eraikinak Amorotoko errota baten seirena balio izatea “oso arraroa” da. HEAkoen ustez, “burdinola zaharra XV. mendeko eraikina da, 1556ko dokumentuan uraren eskubidearen jabegoa aipatzen baita”.
Zelaiak nabarmendu duenez, bestalde, diru laguntzak lortuz gero, datozen urteetan “indusketekin jarraitu” gura dute. Aurrekoetxea arkeologoaren proiektua hiru urtekoa da eta, horrenbestez, arkeologoek ikerketekin jarraitzea espero dute.
Portua eta nekazaritza
Urtubiaga burdinolari buruz aurkitutako informazio guztiak argi uzten du burdinola garrantzitsua izan zela Eakoa. Zelaiaren berbetan, jarduera aurreindustrial handia zegoen han, eta herriko motore ekonomikoetako bat zen. Ea “herri arrantzalea eta nekazaria baino gehiago” zela dio.
Burdin minerala Somorrostro inguruko meatzeetatik eroaten zuten Eara, eta han, burdin haga bihurtzen zuten lehengaia. Zelaiak dioenez, Eatik Bordelera burdin hagekin egindako bidaia baten dokumentazioa dute, eta, beraz, bertoko burdin landua “oso estimatua” zela ondoriozta daiteke.