Erreportaia: «Nire eskubideak non dira?»
Espero zuen. Agian indultua ez, baina kartzela zigorrik ez zuela beteko argi izan du hasieratik Paul Abasolo Amantegi bere erasotzailetzat legez ezagutu zuen emakumeetako batek. «Gogorra da hori hala esatea, baina bere familia boteretsua da, oso. Eta hasiera batetik susmoa neukan diruagaz dena estaltzen saiatuko zirela». Eta hala izan dela uste du, «ziur nago».
2006 eta 2007. urteen bitartean Gernika-Lumon bost emakume erasotzeagatik epaitu zuten Paul Abasolo futbol jolakari durangarra. Bost eraso horietatik hiru egun berean gertatu ziren, denbora tarte laburrean. Hiru neska horietatik, baina, bakarrak ezagutu zuen Abasolo erasotzaile legez. «Bigarrena ez zen epaiketara aurkeztu, bere abokatuagaz hitzordua jarrita zuen arren. Hirugarrenak ezin izan zuen Abasolo ezagutu, hari egindako erasoa izan baitzen bortitzena, eta ondorio psikologikoak ditu». Halanda be, errudun jo zuen epaileak futbol jokalaria, eta hiru urteko eta hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion 2010ean. Bost hilabete beteta zituen Abasolok, behin-behinean.
Bi urteko kartzela zigorra
Espainiako Ministro Kontseiluak bere agintaldian egindako azken batzarrean, baina, Paul Abasoloren indultua sinatu zuten. Kartzela zigorra bi urtera murriztu zuen, eta ez du kartzelara joan behar izango. Baldintza legez, sexu heziketako ikastaroetan parte hartzea eta lau urteko epean deliturik ez egitea jarri zizkion baldintza legez PSOEk.
Politikariak epaile batek ebatzitakoa balio barik uztea sinesgaitza dela dio erasotutako emakumeak, «baina indultua emoteko ipinitako baldintzak be barregarriak iruditzen zaizkit. Nork dio ikastaro horietan parte hartuko duela? Eta, deliturik ez egiteko lau urteko epe hori igarota, libre du beste emakumeren bat erasotzea?» Erabaki horrek harritu egin zuela onartu du, eta onartezina dela dio. «Nigana barriro hurbilduko denik ez dut uste. Baina lau urteren buruan be, non daude nire eskubideak». Norberaren askatasunean be eragina duela dio. Eguerdi batean erasotu zion, etxera zihoala, espero ez zuenean. Horrek eragina duela dio, «ezin dut lehen bezain lasai bizi».
Arrazoirik emon barik
Indultua emon bai, emon zuen Espainiako Ministro Kontseiluak. Francisco Caamaño Justizia ministro ohiak sinatutako indultu hori onartzeko arrazoirik, baina, ez dute emon. «Gustatuko litzaidake jakitea zer dela-eta erabaki duten politikariek indultua onartzea. Emakumeen kontrako erasoei aurre egiteko kanpainak bultzatzen dituzten horiek erasotzaile bat indultatzeko zein arrazoi izan duten».
Arrazoi horiengatik galdetu zuen Bilgune Feministak, eta ez zuen erantzunik izan. Berria egunkariak be arrazoiak eskatu zituen, baina ez zuten erantzunik izan, Abasoloren «intimitatea» aipatuta.
Pertsona ezaguna da Paul Abasolo Amantegi, gaur egun Oviedo futbol taldeko jokalaria. Erasoak egin zituenean Real Unionen jokatzen zuen. Athleticen be aritutakoa da, gaztetan. Eta klub horrek bere fitxaketa zerabilen esku artean erasoak gertatu zirenean. «Azkenean, jarraitzaileen presioagatik ez zuten talderako hartu». Beste klub batzuek, baina, beste alde batera begiratu eta futbolean jarraitzeko aukera emon diote. «Diruagatik izango dela suposatzen dut, bere familiak badu horretarako ahalmena eta». Egoera horrek amorrua sortzen duela aipatu du erasotua izan zen emakumeak. «Bere bizimoduagaz jarraitzen du, ezer gertatuko ez balitz legez, arazorik izango ez balu legez. Familiak uzten diolako; gurasoek ez dute onartu gura euren semeak arazo bat duela». Hasiera batetik den-dena izkutatzen aritu izan direla aipatu du.
Izan be, Gernika-Lumon egin zituen erasoak ez dira Abasolori egotzi dizkioten bakarrak. «Real Unionen jokatzen ari zela be sexu erasoen salaketak izan ziren Irun inguruetan. Durangaldean be salaketak izan ditu…». Durangoko PSEk «lotsagarritzat» jo du indultua, eta eraso sexualei horien kontrako jokabideekin egin behar zaiela aurre esan du, «ez kanpaina hutsalekin».