Elkarrizketa: «360 ordu baino gehiago igaro genituen autobusean»
Mikel Zabalondo (Muxika, 1985) eta Berdaitz Bengoetxea (Kortezubi, 1986), Euskal Herria atzean utzita, Amerika ezagutzera abiatu ziren 2010eko azaroaren 22an. Zazpi hilabete beranduago itzuli zen etxera bikotea. Bitartean, motxila lepoan, 11 herrialde ezagutzeko aukera izan zuten eta, hango bizipenak herritarrei kontatzeko asmoz, otsailaren 3an hitzaldia emongo dute Kortezubiko liburutegian; 18:30ean umeei zuzenduta eta 19:30ean nagusiei zuzenduta.
Zazpi hilabetez izan zineten Amerikan. Nondik ibili zineten?
Guztira, 11 herrialdetan egon ginen eta, horietako batzuetan, gainera, behin baino gehiagotan. Ez genituen 11 herrialde horiek sakontasun handiz ezagutu, horretarako denbora gehiago behar da-eta. Hego Amerikatik hasi genuen bidaia, eta bertatik, iparralderantz egin genuen. Handik Buenos Airesera (Argentina) abiatu ginen 2010eko azaroaren 22an, eta 2011ko ekainaren 18an etxerako bidaia hasi genuen, New Yorketik. Tarte horretan, Txile, Bolivia, Brasil, Paraguay, Peru, Ekuador, Panama, Costa Rica, Nikaragua eta Miami bisitatu genituen.
Zein momentutan erabaki zenuten etxera bueltatzea?
Bengoetxea: Nire lobetariko baten jaunartze eguna zen ekainaren 19a, eta ezustekoa emon gura izan nion.
Zabalondo: Gainera, Panaman sartzeko irteerako txartela eskatu ziguten; hori edo gure herrialderako txartela behar genuen. Ez geneukan ez bata ez bestea; beraz, bertatik Miamira lagunak bisitatzen joatea erabaki genuen, bitartean, Costa Rica eta Nikaragua bisitatuz.
Zeren bila joan zineten hain urrutira?
Bengoetxea: Batez be, mundua ezagutzera joan ginen. Beti diogu ez dagoela Euskal Herria bezalakorik, baina nork dio hori? Euskal Herritik irtetzen ez denak, edo mundua ezagutzen duenak? Hori egiaztatzera joan ginen.
Zabalondo. Horrez gain, gure burua hobeto ezagutzeko asmoz be joan ginen.
Mundua ezagutzen zenuten bitartean, zer egiteko aukera izan zenuten?
Abentura-turismoa egin genuela esan genezake. Mendi asko igo genituen; horietan garaiena, 6.088 metrokoa. Rafting, puenting, erorketa librea… egin genituen. Perito Moreno glaziarretan be izan ginen. Horrez gain, arrantzan egiteko eta eskalatzeko aukera be izan genuen. Erdialdeko Amerikara ailegatzean, ostera, lasaiago hartu genuen bidaia; hondartzetan izan ginen.
Zerk harritu zintuzten gehien?
Bengoetxea: 11 herrialde, 11 inpresio… Zeinekin geratu be ez dakigu. Abenturari dagokionean, esaterako, 6.088 metroko mendia igo izanak asko harritu ninduen. Egun bitan igo genuen; lehenengoan, 5.500 metrotaraino iritsi ginen. Familiarengan pentsatu eta goraino igotzeko indarrak atera nituen. Ez naiz arin hunkitzekoa, baina tontorrera ailegatzerakoan negar malkoa erori zitzaidan. Atera kontuak!
Zabalondo: Niri La Paz hiriak (Bolivia) asko harritu ninduen, eta baita bertako herritarrek be. Izugarria izan zen. Argentinako Chalten herria be asko gustatu zitzaidan.
Herrialde batetik bestera mugitzeko nola egiten zenuten?
Zabalondo: Normalean, autobusez egiten genituen bidaiak. 15 egun baino gehiago igaro genituen autobus barruan; alegia, 360 ordu baino gehiago. 28 orduko bidaia be egin genuen. Pentsa!
Bengoetxea: Paraguaytik Boliviara, esaterako, hegazkinez egin genuen bidaia, errentagarriagoa zen-eta.
Hilabete batzuk ongi asko igaro zenituztela diozue, baina ikusten al duzue zuon burua Euskal Herritik kanpo?
Zabalondo: Denbora jakin baterako Euskal Herritik kanpo egon naiteke, baina nire herria Euskal Herria da. Dena den, ikustea, ibiltzea eta ezagutzea dut gustuko.
Bengoetxea: Hankak Euskal Herrian eta burua munduan zehar daukagu.
Non lo egiten zenuten?
Bengoetxea: Ahal genuen tokietan, momentuan momentukoa erabakitzen genuelako. Kanpin-dendan, aterpetxean, hamakan… Egia esan, lo egiteko ez genuen diru askorik gastatu; geneukan dirua janarian gastatzen genuen.
Zuok biok abiatu zineten Euskal Herritik hara, baina izan al zenuten zuon bidaian lagundu zintuzten beste norbait ?
Gu biok hasi genuen bidaia, eta iraun zuen bitartean be hala izan ginen leku batetik bestera. Halanda be, bidean zehar jende asko ezagutu genuen; horien artean, euskaldunak. Gainera, tarteka, lagunekin izaten ginen: Boliviako bikote batekin, Miamin ditugun lagunekin, gugana bisitan joandako Gernika-Lumoko lagunekin…
Hitz batean, nola deskribatuko zenukete zuon bidaia?
Biribila. Bidaia aberasgarria izan zen guretzat; mundua ezagutzen genuen heinean, jende asko ezagutzen genuen. Era berean, gainera, gure burua ezagutzeko aukera be izan genuen.
Berba politak baino ez dituzue zuen bidaia deskribatzeko, baina dena hain ondo joan al zen?
Arazoren bat edo beste izan genuen… Esaterako, Nikaraguan geundela, bertako sumendi batek erupzioa izan zuen gugandik oso gertu. Bolivian geundela, ostera, autobusean gindoazela ia-ia istripu bi izan genituen. Bestetik, aterpetxe bateko jabeak arropa lapurtu zigun eta poliziak bertaratu behar izan zuen. Arazo horiek izan arren, oso ondo ibili ginen.
Hainbat momentu berezi bizi zenituzten. Ba al daukazue konta daitekeen pasadizorik?
Bengoetxea: Chaltenen (Argentina) mendi batera igotzekoak ginela, motxila handia bizkarrean hartu, eta soberan geneukana aterpetxe batean utzi genuen. «Beno, hiru egun barru ikusiko dugu elkar!», esan genion harro-harro aterpetxekoari, eta mendian gora joan ginen. Bidean, kanpin-denda motxilatik atera eta muntatzen hasi ginenean… Orduan komeriak!
Zabalondo: Kanpin-denda eusteko beharrezkoak ziren hagaxkak ahaztu zitzaizkigun! Hortaz, kanpin-denda batu, motxilan gorde eta mendi tontorreraino igo ginen, motxila handia lepoan geneukala.
Eta zer zeramatzaten motxila handi horretan?
Bengoetxea: Oinarrizko gauzen artean oinarrizkoenak soilik: hiru galtzontzilo, hiru galtzerdi pare, praka luze batzuk, beste labur batzuk, hiru elastiko, anoraka eta euritakoa. Arropekin batera, botikina be eroan genuen. Eta garrantzitsuena: txinboa!
Bukatzeko, egindako bidaia horretatik zerbait aldatzekotan, zer aldatuko zenukete?
Bengoetxea: Nik neuk ez nuke ezer aldatuko.
Zabalondo: Denbora gehiago eta aurrekontu handiagoa izango bagenu, agian…
Bengoetxea: Hori bai, hurrengo bidaia egiten dugunerako badakigu diruari zein denborari garrantzia handiagoa emon behar zaiola.