Erosketak Gernika-Lumon egiten dituztenak saritu gura ditu merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak. Horretarako, kanpaina barri bat hasiko du gaur bertan, Babesleku haur parkearen eta udalaren laguntzagaz: Ordu erdi doan Babeslesleku haur parkean. Hala, herrian 30 euroko erosketak egiteagatik Babesleku jolas parkean 30 minutu doan izango dituzte erosleek. Horretarako, erosketen txartelak aurkeztu beharko dituzte herritarrek.
Merkatarien elkarteko presidenteorde Nadia Gonzalezek eta haur parkeko arduradun Jon Arrietak egin zuten atzo kanpaina barriaren aurkezpena. Azken horrek esan zuenez, zerbitzuen arteko elkarlanaren emaitza da kanpaina, eta horiek herritarren eskura jartzea da asmoa. “Herritarrak animatu gura ditugu erosketak herrian egitera eta merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak emoten dituen sariekin gozatzera”. Kanpainak asmo ekonomikorik ez duela argitu zuen Arrietak: “kontsumitzailea saritzea du helburu”.
Kanpainan parte hartzeko, baina, erosketak elkartearen dendetan egin behar direla argi utzi zuten atzo, aurkezpena egin zutenean. Guztira, sektore danak batuta, 165 dira merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkartean dauden enpresak.