Juan Telletxea Bou Nabarra ontziko gudaria hil da
Juan de Dios Telletxea (Akorda; Ibarrangelu) Bou Nabarra ontziko gudaria hil egin da. Telletxea bizirik zegoen Bou Nabarrako azkenengo gudaria zen, eta 94 urte zituela zendu da Asturiasko (Espainia) San Juan de la Arena herrian. Izan be, jaiotzaz akordarra izan arren, Asturiasen bizi zen emaztearekin eta seme-alabekin.
Telletxeak hogei urte zituen Eusko Gudarostean izena emon zuenean, eta bakailo ontziak Gerra Zibilerako nola prestatzen zituzten ikusi zuen. Arrantzale izatetik, gudari izatera pasa zen, eta Bou Nabarra ontzitik bizirik irten zen hemeretzi gizonetako bat izan zen.
Matxitxako inguruan Canarias fragatagaz topo egin zutenean, Bou-ak merkatalontzi bat babesten zihoazen, eta borrokatzea aukera bakarra izan zen. Hala, gerrarako prestatu zituzten arrantza ontzi txikiak, Francoren fragata beldurgarrienari aurre egiten ahalegindu ziren. Bataila 14:00ak aldera hasi zen, eta hiru ordu luzez eutsi zieten Bou-ek Canarias ontziari.
Bou Nabarra sutan zegoela ikusi zutenean, marinelek txalupak uretara bota zituzten, eta faxistek aprobetxa ez zezaten, ontzia ondoratu zuten. Porturik atera ziren 50etik gora marineletatik hemeretzi baino ez ziren bizirik geratzen ordurako.
Itsas gudan bizi izandakoa, ordea, ez zen izan bizirik zirautenen atsekabe bakarra. Canariasera igoarazi zituzten marinelak, eta heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Ostean arrantzontzi txiki baten Donostiako Ondarretako kartzelara eroan zituzten Eusko Gudariak. Telletxea bi urte izan zuten preso Ondarretan, Canarias ontziko komandanteak zigor hartatik askatu zituenera arte. Askatasunak prezio altu bat zuen, halanda be. Nafarroako laugarren dibisiora bidali baitzuten Telletxea, faxistekin batera borroka egitera. Nafarroako laugarren dibisioan bi hilabete egin ostean, Gerra Zibila amaitu zen, eta Telletxea etxera bueltatu zen.
Ordutik aurrera, Telletxeak bizimodu normala eroan zuen, baina ez zuen galdu itsasoarenganako maitasuna. Merkatalontzi baten hasi zen lanean gaztetan, eta jubilatu arte egon zen lanbide horretan.
2008an, bestalde, Ibarrangeluko Udalbatzak Telletxea omentzea erabaki zuen lehenengoz. Ordutik aurrera, urtero egin diote omenaldi xume bat Akordan. Monolito bat be jarri zuten gudariaren omenez