Hirugarren garaipenagaz zulotik irten dira Gernika KESBeko neskak
Gernika KESBeko neskek hirugarren garaipena lortu zuten iragan zapatuan, Las Rozas talde madrildarrari 53 eta 55 gailendu ostean. Garaipenaren puntuak, Izaskun Garcia muxikarrak sartu zituen, partida amaitzeko bost segundu falta zirela.
Taldetik jakinarazi dutenez, ez zen denboraldiko partidarik onena izan, baina garaipena «oso garrantzitsua» izan da jokalarientzat. Izan be, aurkari zuzen bati irabazita, azkenengo postuetatik ihes egitea lortu dute gernikarrek.
Partida irabazteko gogoagaz zelairatu ziren bertokoak, eta zazpi puntuko aldea lortu zuten lehenengo minutuetan. Halanda be, madrildarrek ez zuten etsi eta atsedenadira 32nako emaitzagaz heldu ziren jokalariak.
Bigarren zatiko lehenengo minutuetan, defentsa bikaina egin zuten bertokoek, eta hamabi minuturen faltan bederatzi puntuko aldea lortu zuten. Ordutik aurrera, zenbait hutsegite egin zituzten KESBekoek, eta partida orekatu egin zen azkenengo segunduetara arte.