Inamako langileek deitutako manifestazioagaz bat egin dute hainbat eragilek
Inamako langileek zapaturako deitu duten manifestazioagaz bat egin dute hainbat eragilek, baita FINSA-Inama enpresaren jokabidea gogor kritikatu be. Hain zuzen, azken egunotan Muxikako lantegitik hainbat makina atera dituztela salatu du ELA sindikatuak. «Enpresako zuzendaritza Muxikako lantegia husten ari da, oraindik orain langileak egunero lanera doazen arren». Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak enpresaren ondasunak enbargatuta dituela gogorarazi du sindikatuak.
LABek, bere aldetik, enpresak azken hamarkadan egin duen politika «maltzurra» izan dela kritikatu du. Sindikatuak azaldu duenez, enpresak jakin bazekien zelako inbertsioa egin behar zuen enpresaren etorkizuna bermatzeko; «baina, hori egin beharrean, inguruko guztiak errudun egin ditu, oztopoak jartzen zizkiotela esanez».
LABek oharrean azaldu duenez, Inamako arduradunek langileak mehatxupean izan dituzte, enpresa itxiko zutela esanez. «Azkenik, FINSA-Inama taldearen arduragabekeriak itxieraren atarira eroan du enpresa, eta 160 langile kale gorrian geratzeko arriskua dute». Inama eskualdeko enpresarik garrantzitsuenetakoa dela esan du LABek, eta horren itxierak Busturialdeak izan dezakeen irtenbide ekonomikoari ateak itxi diezaiokeela aipatu du.
Elkartasun aktiboa
Langileek deitu duten mobilizazioagaz bat egin du, baita, Busturialdean Lan eta Bizi Plataformak. Hain zuzen, Bizkaiko EHNEk, ELAk, LABek, Ezker Abertzaleak, Aralarrek, Gernika-Lumoko Ekologi Tailerrak, eta Ieup! Gernika-Lumoko gazte asanbladak emon diote atxikimendua Inamako langileek deitutako manifestazioari. Ohar bidez, parte hartzeko deia egin diete herritarrei eta langileei, «Inamako langileek daroaten borrokarekin elkartasun aktiboa erakutsiz». Plataforma horrek, gainera, FINSA-Inamako enpresaburuen «joko zikina» salatu du. Ingurumen baimena lortzeko beharrezko inbertsioak egin beharrean, enpresa «usteltzen» utzi dutela esan dute, «euren interes ekonomikoengatik».
Busturialdeko Bilduk, bestalde, beharrezkoa duen Ingurumen Baimena lortzeko enpresak borondate gutxi erakutsi duela kritukatu du, «eta, azkenean, 160 familia soldata barik utziko ditu».
Horregatik, Muxikan geratzeko bete beharreko baldinzta guztiak bete ditzala eskatu gura dio Busturialdeko Bilduk enpresari, beste behin be.
Era berean, Inamako langileek biharko ditu duten manifestazioagaz bat egin du koalizio politikoak, eta gainontzeko eragileek egin legez, parte hartzeko eskatu diete herritarrei.