Egur ekoizpena eten egin du Inamak
Enpresak egurarren produzkioa eten egin duela salatu dute gaur Inamako langileek, Gernika-Lumon emon zuten prentsaurrekoan. «Bizkaiko Foru Aldundiak enpresari aurrenerrizko enbargoa ezarri ziola jakin zutenean ekoizpena etetea erabaki zuten arduradunek», salatu dute. Gaur egun, egurrarekin ez, eta energia elektrikoaren kongenerazioan bakarrik ari dira lanean. «Horretan, eta makinak desmuntatzen», kritikatu zuten. Izan be, zenbait pieza Muxikako lantegitik kanpora atera dituztela esan dute langileek, «eta Terueleko (Espainia) lantegira eroan dituzte».
Besteak beste, Inamak ondasun higiezinak enbargatuta dituela gogorarazi dute, «eta ez dakigu legezkoa den enbargatutako ondasun horiek Muxikatik kanpora ateratzea». Foru Aldundiari emon diote horren barri, hark beharrezko neurriak har ditzan; «eta Ertzaintzari be deitu genion gertatzen zena azalduz. Lantegira etorri eta argazkiak atera zituzten, txostena prestatzeko».
Gaur arratsaldean batzartu behar dira langileak enpresako arduradunekin, «kaleratzeei eta indemnizazioei buruz berba egiteko». Halanda be, ez kaleratzerik ez indemnizaziorik ez dutela onartuko esan dute langileek prentsaurrekoan. «Lana egon badagoela eta kanpora atera duten tresneria barriro ekartzeko eta lantegia martxan jartzeko eskatuko diogu enpresari».
Irtenbide bila
Bizkaiko Foru Aldundiak Inama enpresaren egoerari irtenbidea emon diezaiokeen proposamena egin gura die langileei. «Langileei eta enpresari etorkizun bat emoteko proposamenen bat egingo digutela esan ziguten joan den asteko batzarrean. Ez dakigu zehatz-mehatz proposamen hori zein izango den, baina aukera guztiak aztertuko ditugu».
Bitartean, manifestazioa egingo dute zapatuan Gernika-Lumon, 12:00etan, Merkurio iturritik hasita. Bizkaiko Basogintza Elkartearen babesa du manifestazioak, baita merkatariena be. Ostalarien babesa be izan gura dute, «lanpostuak galduz gero, kontsumitu be ez delako egingo, eta eskualdea hil egingo da».