Enpresa berrikuntzari saria egindako lanaren aitorpena dela dio Maierrek
Enpresa berrikuntzari saria hartu zuen Ajangizeko Maier kooperatibak astelehenan, EITBk eta Euskadiko Kutxak emoten dituzten Euskal Enpresaren Topaketen sarien baitan. Jasotako errekonozimendua Maierrek egiten duen lanaren aitorpena dela esan du Maierr...
Enpresa berrikuntzari saria hartu zuen Ajangizeko Maier kooperatibak astelehenan, EITBk eta Euskadiko Kutxak emoten dituzten Euskal Enpresaren Topaketen sarien baitan. Jasotako errekonozimendua Maierrek egiten duen lanaren aitorpena dela esan du Maierreko zuzendari orokor Juan Luis Irazabalek. “Ez genuen espero, eta hautagai izate hutsak be poztu egin gintuen”. Tradizio eta izen handiko sariak dira Euskal Enpresaren sariak, “eta horien bitartez guk egiten dugun lana aitortzea garrantzitsua da”. Berrikuntzaren arloari Maier kooperatibak eskaintzen dion dedikazioa handia dela esan du Irazabalek, “eta sariak be garrantzitsua da, Maier taldearentzat batez be”.
Ibilbide luzea
Berrikuntzaren arloan egin duen ibilbide luzea saritu gura izan dute EITBk eta Euskadiko Kutxak Maier kooperatibari saria emonez. Irazabalaek azaldutakoaren arabera, duela 8 urte aldaketa erabakiorraren alde egin zuen kooperatibak, “eta ordutik, ekinez, gure emaitzak hobetzea lortu dugu. Berrikuntzaren bidean jarraituz gero, etorkizunean hazkunde iraunkorra lortuko dugularen ziurtasuna dugu”.
Azken urtean be erabaki garrantzitsuak hartu ditu Maier taldeak. Izan be, Gaiker-IK4 eta Cidetec-IK4 teknologia zentroekin elkarkidetza hitzarmenak sinatu ditu aurten. Era berean, 5,8 milioi euroko inbertsioa egin barri du MTC zentro teknologikoa handitzeko eta I+D arloan erreferentzialtasuna lortzeko.