Kudeaketa gardenagaz konpromisoa hartu zuela eta, Udalaren egoeraren barri emoteko jendaurreko agerraldia egin du Bermeoko Bilduk. Besteak beste, 2011ko udal aurrekontuan 1.843.555 euroko desoreka aurkitu dutela salatu dute Idurre Bideguren alkateak eta zenbait zinegotzik. Horrez gain, Bermeoko Udalaren baitako Beruala S. A. elkarteak, orotara, 13.000.000 euroko zorra daukala be azaldu dute. Nabaritu dituzten desorekei dagokienez, aurrekontuan hainbat gastu agertu ez izana salatu dute; Lamerako behegainarena (873.795 euro), Almikako bidearena (200.000 euro), Zaharren egoitza pribatuari prestakuntza ikastarorako emondakoa (149.000 euro), Lanbide Hastapenarena (113.575 euro), Uemarekiko zorra (lehen, 36.000 euro; orain adostutakoa, 23.425 euro), telefonoa, gasa eta argindarra bezalako gastu arruntena (180.000 euro) eta Mañuko idi probena (27.180 euro), kasurako. Horren ondorioz, desoreka ia bi milioi eurokoa dela nabarmendu dute. Beruala elkarteak egun bizi duen egoera be izan zuten hizpide Kafe Antzokira hurbildutako herritarren aurrean. Beruala (Bermeoko Urigintza Barriztatzeko Elkartea) alde zaharrari bizitasun handiagoa emoteko sortu zala gogorarazi zuten. Baina, Berualaren gaur egungo egoera ekonomikoak aho zabalik utzi zituen asko eta asko; izan be, Berualak gaur egun 13.000.000 euroko zorra duela jakinarazi zuten. «Alarma faltsuak» sortzea leporatu dio Bermeoko EAJk koalizioari Bilduk Udalaren egoera ekonomikoaren errepasoa eginda, koalizioaren jokabidea kritikatu du EAJk, asmo bakarra «herritarrak engainatzea» eta «alarma faltsua sortzea» izan [...]
6.200 eurotan erosi du Morgako Katxi jatetxeak gaurko azokan irabazle izan den gaztaren erdia. Ez da iazko errekorra gainditu; 2010ean 7.700 eurotan erosi baitzuen Mungiako Taskas jatetxeak gazta erdia. Elgoibarreko Mausitxarena izan da gaur enkantera atera duten lehen saria. Gaztaz gain, azokako sariak be banatu dituzte 14:00etan, Merkurio iturrian. Eskualdekoen artean, Mari carmen Alzibar gernikarrak lehenengo saria hartu du loren atalean. Txilar ezti onenaren saria, barriz, Kortezubiko Jabier Larrinagak hartu du. Hainbat izan dira eguraldi ona aprobetxatu eta azokara hutsik egin gura izan ez dutenak, eta goizean goiz etorri da kanpotik jendea. Bihar jaieguna izanik, dagoeneko gainezka dago herria. Udaltzaingoak emondako datuen arabera, 100.000 lagun baino gehiago batuko dira gaur Gernika-Lumon. “Herriko aparkalekuak beteta daude, eta jende asko ari da heltzen trenez eta autobusez”. Herrira autoz heltzeko be arazoak daude. “Auto ilarak Autzaganeraino heltzen dira”. Iaz baino postu gutxiago ipini dituzte aurten Urriko Azken Asteleheneko azokan. 2010ean 355 izan baziren, 277 dira aurten Gernika-Lumoko kaleak hartu dituztenak. Halanda be, dauden postuetako saltzaileek eguraldi ona eta jai bezpera izatea igarri egiten dela aipatu dute eta, esan dutenez, jendea aurreko urteetan baino goizago hasi da postuetara hurbiltzen eta erosten. 09:00etan zabaldu dituzte postuak: barazkiak; artisauen produktuak; kontserbak; gazta; ogia eta euskal pastela; [...]